Izan ere, Gipuzkoa osoko anbulatorio aurrealdeetan elkarretaratzeak deitu zituzten erraustegia gelditzeko plataforma ezberdinek. "Erraustegia osasunarekin lotzen dugu. Frogatuta dago erraustegia dagoen lekuetan minbizi tasa eta beste gaixotasun batzuen tasak hirukoiztu edo laukoiztu egiten direla, eta guri apur bat urruti samar gelditu arren, alternatibak daudenean ezin dugu onartu errauskailu bat martxan jartzea Gipuzkoan", azaldu du Debagoiena Eredu Zabortegirik Ez plataformako kide Enrike Letonak.
"Teknikoki frogatu dugu gaika jasota oso hondakin gutxi gelditzen direla, eta horrela eginez gero Gipuzkoa osoan ez genuke errauskailurik behar. Oso sinplea da. Beste interes ekonomiko batzuk daude, berez ez dugulako errauskailurik behar eta osasunarendako kaltegarria delako", gaineratu du Letonak.