Ibarreko hainbat herritako euskal preso eta iheslari ohiek talde argazkia atera dute gaur, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean, Arrasateko Monterron parkean. Helburua izan da datorren zapatuan, apirilaren 21ean, Kalera Kalera dinamikak deituta Bilbon egingo duten manifestazio nazionalerako deia egitea. Bada garaia. Presoak kalera! lelopean egingo da manifestazioa, 17:30ean la Casillatik abiatuta.
Kalera Kalera dinamikako kide Jesus Mari Goitia Manueltxo oñatiarrak azaldu duenez, gaurko egunarekin aldarrikatu gura dute euskal preso eta iheslariak, politikoak direla: "Batzuek ukatu egiten duten arren, hemen argi dago gatazka politiko eta militar bat egon dela. Badira zazpi urte erakundeak armak uztea erabaki zuela, eta urte hauetan ikusi dugu Espainiako Gobernuek errepresioarekin erantzun duela. Gure dinamikaren helburua da euskal preso eta iheslariak etxeratzea ahalik eta azkarren, eta horretarako zailtasunik handiena da egun tokiz kanpo dagoen salbuespeneko egoera". Goitiak gaineratu du herritar guztiei egiten dietela zapatuko manifestaziora joateko deia.
Elkarretaratzea Arrasaten
Gaurko egunaren harira eta LAB sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian Arrasaten, Amaia Antzokiaren aurrean.