Debagoieneko Mankomunitateko Enplegu teknikari Amaia Irizarrek adierazi du hasiera ona eman diotela aurtengoari, hainbat enpresetako ordezkariek egin dituzten aurkezpenekin.
Horren ostean gainera, hainbat lagunek hautaketa-elkarrizketak egiteko aukera izan dute hainbat enpresetako ordezkariekin. Elkarrizketak egiteko aukerarik izan ez dutenek, hainbat enpresatako gutunontzietan euren curriculumak uzteko aukera daukate, Kulturateko klaustroan horretarako egokitutako txokoan.
Bisita gidatuak gaur eta bihar
Bihar, eguazten eguerdira bitartean egongo da zabalik azoka, eta tarte horretan bisita gidatuak ere egingo dira ikastetxeetako ikasleekin edota gurasoekin, klaustroan. Bertara urreratzen direnek aukera izango dute, bailaran dauden eta Lanbide Heziketaren eskaintza daukaten zazpi ikastetxeetako eskaintza gertutik ezagutzeko.
Lanbide Heziketako ikastetxeez gain, eskualdean prestakuntza eta enplegu-zerbitzuak eskaintzen dituzten beste hainbat erakundek ere parte hartzen dute azokan.
Goizean izan diren ikasleak behintzat gustura ezagutu dute gertutik inguruan daukaten eskaintza; batzuendako azoka bisitatu duten lehenengo aldia izan da, beste batzuentzat ez.
Lanbide Heziketan 1.120 ikasle matrikulatuta
Horiek bezala, dagoeneko milaka dira hamar urteotan Kulturateko klaustroan jartzen diren standetatik pasatutako bisitariak, eta gainera, emaitzak lortzen ari direla dirudu; Lanbide Heziketa ikas daitekeen eskualdeko zazpi ikastetxeetan 1.120 ikasle baitaude matrikulatuta, 30 ziklotan.
Bihar eguerdian itxiko ditu ateak azokak, baina bitartean edozein herritarrek bisita dezake. Bihar goizean, esaterako, langabeei zuzendutako tailerra ere egongo da 09:30etatik aurrera eta izen-ematea zabalik dago oraindik; hona hemen bideak: airizar@debagoiena.eus eta 943 79 39 90.