Memoria historikoa lantzen jarraitzeko asmo irmoa dago Elgetan eta bi asteko egitaraua gertatu dute aurten apirilerako. Frontea jausi eta frankistak herrian sartu zireneko uneak biziberrituko dituzte oraingoan. Horrek hainbat berrikuntza suposatuko ditu; izan ere, aldatu egingo dira orain arte egindako errekreazioaren edukia eta kokapena.
Gertaera historikoetan oinarritutako antzezlan edo errekreazio berria prest duzue, ezta?
Bai. Nerea Villa hasita zegoen lanean, eta hark egindakotik abiatuta Elgetaren gainbehera sortu dugu. Nire egitekoa antzezlan forma ematea izan da.
Zein da mezu nagusia?
Helburua da jendeak ulertzea zer gertatu zen Elgetan frontea jausi ondorengo egunetan. Hau da, 1.937ko apirilaren 20tik 24ra bitartean. Gertaera batzuk dokumentatuta daude eta kontakizunaren bizkarrezurra dira. Antzezlanari jarraikortasun bat emateko, ordea, fikzioa ere sartu dugu, baina ahalegindu gara errealitatetik ahalik eta gertuen mantentzen.
Zein itxura hartuko du Elgetak hurrengo domekan, apirilaren 22an?
Faxistek okupatutako herri baten itxura hartuko du. Antzezlanak hiru ekitaldi ditu. Lehenengoan faxistak herrian sartu aurretiko uneak erakutsiko ditugu, eta herriaren ebakuazioa. Bigarren ekitaldian frankistak herrian sartu zireneko uneak irudikatuko ditugu: okupatzaileen ereserkiak, desfileak, diskurtsoak, banderen igotzea udaletxeko balkoian... Eta horrela amaituko litzateke 1937ko apirilaren 24a. Baina ulertuta gogorra izan daitekeela horrela amaitzea, 40 urteko jausia egingo dugu eta Francoren heriotza ere ekarriko dugu gogora. Hain zuzen ere, 1975ko azaroa eta diktadorearen heriotza.
Erronka handia suposatzen du?
Gu ere amateurrak gara eta berezitasun handiak dituen lana da: kalean da, boluntarioekin, lan talde handia da ondo koordinatzeko, denboraz ere justu ibiliko gara... baina ahalegintzen ari gara gauzak ondo ateratzeko.
Jendearen erreakzioa zein izango den ere inkognita handia da. Azkenean, irudikatu nahi duguna egia oso gordina eta mingarria da. Herria faxisten esku gelditu zireneko egunak dira biziberrituko ditugunak. Porrotaren egunak.