Azken orduko baja garrantzitsu batzuk ere izango dira. "Azken orduko baja pare bat daude eta pena apur bat ematen digu. Batetik, Jokin Lizeaga, Asturiasen istripua izan berri du eta ezin izango da etorri. Beraz, animoak emateko aprobetxatzen dut. Bestalde, iaz hirugarren sailkatu zen Maddi Mujika ere ezingo da etorri", azaldu du Ganix Lasak, antolakuntzako kideak.
Lasterketa irabazteko borrokan hainbat korrikalari ikusten ditu Lasak, eta lehia estua aurreikusten du, bai emakumezkoetan, baita gizonezkoetan ere. "Nahia Quincoces eta Ainhoa Lendinez ikusten ditugu indartsuen; Isa Casado ere etorriko da, eta urte batzuk lehiatzen ibili gabe egon den arren, ilusio egiten digu. Bestalde, gizonezkoetan, etxekoa den Aritz Kortabarriak beti podiuma zapaltzen du, eta Euskadiko selekzioan dabilen Julen Larruzea ere etorriko da. Ikusiko dugu zer gertatzen den".
Lokatza protagonista
Lasterketa egunerako eguraldi ona aurreikusten bada ere, astean zehar botatako euri-jasek eragina izango duela uste du Eneko Urrizalki antolakuntzako kideak, eta korrikalariei dei egin die lasterketako zenbait puntutan lokatzarekin tentuz jokatzeko. "Aste honetan daramagun neguarekin, lokatza ugari egongo da. Beraz, Udalatxeko jaitsieran eta meategietako bidean kontuz ibiltzeko eskatu gura diegu korrikalariei. Lasterketa ez dute ez galduko ez irabaziko puntu horietan. Ibilbidearen gainontzeko zatia korrika egiteko moduan egongo da", dio.
Eskerrak
Aurkezpen ekitaldia baliatu dute babesle guztiei eta boluntario lanetan aritzen diren guztiei eskerrak emateko. Izan ere, azpimarratu dute haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzatekeela lasterketa hau aurrera eramatea. Bide batez, Estrella tabernari ere eskerrak eman nahi izan diote aurkezpena bertan egiteko aukera emateagatik.
Animatzera joateko deia
Azkenik, herritar guztiei lasterketaz gozatzera joateko deia egin diete. Hori bai, ahal bada, oinez joanda. "Egun berezi bat izatea gura dugu. Beraz, jendea animatu gura dugu lasterketako puntu ezberdinetan animatzen egon daitezen: Udalan, Udalatxen eta abar. Bide batez, esan, Udalan ez dela toki askorik egongo eta auto askorekin arazoak egon daitezkeela. Beraz, ahal izan ezkero, oinez joateko deia egiten dugu hemendik".
Lasterketa 10:00etan abiatuko da domekan, Arrasateko plazatik, eta dortsalak jasotzeko aukera eguenean, egubakoitzean eta zapatu goizean izango dute parte hartzaileek Intersport Loramendi dendan. "Egun horietan ezin duenak, domekan lasterketa aurretik ere hartu ahal izango du dortsala".