Eneko Mateosek Europako kultura gutxituen egoera hobetzeko lege proposamena landu beharko du bere taldekideekin batera. Maite Larrañagak digitalizazioaren gaineko lanketa egingo du eta Ane Martinezek, berriz, LGTB komunitatearen eskubideen gainekoa. Talde desberdinetan lan egingo dute hirurek. Bihar hasi eta zapatura bitartean hainbat talde dinamika egingo dituzte eta domekan, Europako Gazte Parlamentuaren Espainiako kanporaketan, taldeka landutako gai horren gaineko lege-proposamena aurkeztu eta defendatu beharko dute.
Gipuzkoatik Kordobara joango den ordezkaritza bakarra da Almenekoa. Kordobarako txartela, Donostian otsailean egin zen kanporaketan eskuratu zuten. Urduri eta irrikaz daude hirurak ere bidaia abiatzeko. Badakite Europako fasera sailkatzea ez dela erraza izango, baina ahalik eta ondoen egiteko asmo osoa erakutsi dute: "Badakigu gogorra izango dela, baina esperientzia bizitzeko gogo handia dugu eta gure helburua horixe da, disfrutatzea".