Bihar, martitzena, abiaraziko dituzte Elgetan memoria historikoarekin lotuta Intxortako erresistentzia gogora ekartzeko ekitaldiak. 19:00etan, Lesa Humanidad izeneko ikus-entzunezkoa emango dute udaletxean eta hortik abiatuta hainbat dira egitarauan jasotako proposamenak.
Aste honi dagokionean eguenean Pasaiako Badia izeneko ikus-entzunezkoa emango dute eta bertan izango da solasaldia egiteko Yuri Agirre zuzendaria. Barikuan, berriz, Lesakako Mairu Antzerki Tailerreko kideek Txoriak eta zauriak izeneko antzezlana eskainiko dute Espaloia kafe antzokian.
Boluntarioak behar dira
Elgetarrek, aurten, Elgetaren gainbehera antzezlana egingo dute Intxortako lubakietako borrokaldien errekreazioaren ordez. Apirilaren 22an izango da, domeka. Boluntarioak hasita daude entseguekin. Abadiñoko Banarte antzerki taldeko Rafa Herce ari da zuzendari lanetan. Oraindik ere, ordea, boluntarioak behar dira figurante lanak egiteko. Interesatuek udaletxean jasoko dute informazio gehiago.