Turista ugari dabil egunotan ibarrean

Iker Oñate 2018ko api. 5a, 09:34

Indartuz doa Debagoieneko turismo eskaintza. Eta nabari da ibarreko txokoetan, jende ugari baitabil kalean herrietako mapak eskuetan.

Bisitariek askotariko planak izan dituzte gozagai oporretan. Besteak beste, herriko txokoak ezagutu dituzte Oñatin, nano-mundua Bergaran, gatzaren bueltakoak Leintz Gatzagan eta guda garaiko aztarnak Elgetan.

Oro har, orain artekoarekin “pozik” dira Debagoieneko turismo arduradunak. Azaldu dutenez, urteek aurrera egin ahala goraka doa bisitari kopurua; eta, horretaz jakitun, moldatuz doa turismo bulegoen eskaintza. Oñatin, esaterako, Aste Santuko opor aldian egunero antolatu dituzte zenbait bisita gidatu.

Bestetik, ibarreko turismo arduradunek argitu dute gehienak inguruko herrietako bisitariak diren arren, Madrilgo jende ugari datorrela ibarreko txokoak ezagutzera. Eta askotarikoak dira horien turismo ohiturak: "Batzuek etxetik dakarte bisita gida; euren erara antolatzen dute eguna. Beste batzuk, ordea, herrira heldu berritan datozkigu aholku eske". 

Bisitari gehien Aste Santuan

Orokorrean, bisitariek Aste Santuko opor aldia aukeratzen dute ibarreko txokoetako istorioak –eta historia– ezagutzeko. Eta batzuentzat bukatu barik dago opor aldia oraindik. Beraz, datozen horiei zerbitzua eskaintzeko prest dira ibarreko turismo arduradunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak