Emakumezkoen futbola indartu guran

Eneko Azurmendi 2018ko mar. 27a, 11:30

Arizmendi Kirol Elkarteak bigarrenez antolatu ditu aurten Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Arrasateko neska gaztetxoendako futbol jardunaldiak, UDAren eta Mondraren laguntzarekin. Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleei zuzendutako jardunaldiak izan dira, eta guztira 39 neskak hartu dute parte.

"Mutilek presentzia nahikoa dute futbolean gure bailaran eta nesken futbolari bultzada emateko antolatzen ditugu saio hauek. Adin tarte horretako edozeinek ditu ateak zabalik parte hartzeko. Gaur, adibidez, 10 jokalari gureak dira eta beste 29 euren kabuz etorri dira, futbola gustatzen zaielako", azaldu du Urtzi Amianok, Arizmendi Kirol Elkarteko kideak.

Iaz moduan, Realetik etorri dira profesional batzuk entrenamendu hauek zuzentzera, tartean Aintzane Enzinas jokalaria. "Aurten ere Aretxabaletara etorri gara, neskei futbolean aritzera animatzeko asmoz. Oso ondo pasatzen dute saio hauetan eta gu ere gustura aritzen gara haiekin. Gure helburua da haiek ondo pasatzea, egun desberdin bat izatea", dio Enzinasek.

Arizmendi Kirol Elkarteko kide den Urtzi Amianok adierazi du pozik daudela jardunaldi hauek eman dutenarekin. Azpimarratu du emakumezkoen futbolak indar handia zuela lehen Debagoienean, baina apurka apurka beherakada izan duela dio. Egoera horri buelta eman nahian antolatzen dituzte jardunaldi hauek eta Amianok argi du harrobitik hasi behar dela emakumezkoen futbolaren berreskurapen hori bailaran.

Aurrera begira, jardunaldi hauek antolatzen jarraituko dutela berretsi du Amianok. Aldi berean, Realeko ordezkariei ere esker ona adierazi gura izan die Arizmendiko kideak, erakutsitako konpromisoagatik eta prestutasunagatik. Izan ere, eskatutako ia guztiari baietz esaten diotela adierazi du, "beti aurpegi onarekin, gainera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak