'Areka' film laburrarentzat izan da Huhezinemaren 11. edizioko sari nagusia

Txomin Madina Milikua 2018ko mar. 23a, 22:21

Gaur arratsaldean zehar sail ofizialeko hamar film laburrak erakutsi eta gero, iluntzean banatu dituzte Arkupe kultur etxean Huhezinema jaialdiaren 11. edizioko sariak. Sari nagusia, Goiena saria, Areka lanarentzat izan da. Karkarcar eta Zulo film laburrek bina sari eskuratu dituzte.

Zinemaz betetako hiru egunen ostean, Iban Garciak eta Zuriñe Hidalgok Arkupe kultur etxean aurkeztu duten  ekitaldian zehar eman dira ezagutzera Huhezinema jaialdiaren 11. edizioko sarien irabazleak.

Sail ofizialean, hamar film laburrek hartu dute parte, eta Aitor Arenasek, Edurne Azkaratek eta Maider Fernandezek osatutako epaimahaiaren erabakiz, Atxur Animazio Taldearen Areka film laburrak jaso du saria nagusia, 1.000 eurotako GOIENA saria.

Edurne Azkarateren esanetan, sail ofizialean parte hartu duten lanen aniztasuna ikusita,  zaila izan zaie erabakia hartzea. "Areka lan osoena iruditu zaigu: nola uztartzen dituen dokumentala izatea, eta hain animazio berezi eta landuak erabiltzea. Ibilbide oso landua du, hasieratik bukaerara", azaldu du Azkaratek film labur irabazlearen inguruan. Esan behar da Atxur Animazio Taldeko kide batzuek iaz ere irabazi zutela sari berbera, Beti bezperako koplak lanarekin.

Bi film laburrek bi sari eskuratu dituzte. Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak zuzendutako Zulo-k MUko ikasleek osatutako epaimahaiak ematen duen Vertigo sariaz gain, Mundukide saria ere jaso du giza eskubideen eta justizia sozialaren gaia egokien txertatu dituelako. Esan, Mundukide saria banatu den lehen aldia izan dela. MUko ikasleen sailean bestalde, fikzio onenaren saria eta ikusleen saria eskuratu ditu Karkarcar-ek.

11.enaren balorazio ''oso positiboa''

Huhezi fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioko laugarren mailako ikasleak dira Huhezinemaren antolatzaileak, eta lan horretan ibili diren Ibai Zabalak eta Saioa Muruak aurtengo jaialdiaren balorazio oso positiboa egin dute: "Egitaraua erakargarria egin gura genuen, eta jaialdia herrira gerturatu, eta esango genuke lortu dugula." Luntxarekin eta Hartz taldearen kontzertuarekin eman zaio amaiera Huhezinemaren 11. edizioari.

Huhezinemaren 11. edizioko irabazleak

Kutixi saila

  • Basque Culinary saria (400€): Jan-burgesa
  • Ikusleen saria (100€): Entsalada

MU ikasleen saila

  • Fikzio onenaren saria (300€): Karkarcar
  • Dokumental onenaren saria (300€): Harriz herri
  • Argazki onenaren saria (kamera materiala, 1500€ baloratuta): Marra Gorria
  • Ikusleen saria (100€): Karkarcar

Sail ofiziala

  • Euskarazko film onenari Goiena Saria (1000€): Areka
  • Vertigo saria (400€): Zulo
  • Ikusleen saria (300€): Aprieta pero raramente ahoga
  • Sail ofizialeko finalista guztiek Huhezinema saria jaso dute (200€)

Mundukide saria (700 €) 

  • Zulo

Kartel onena (200€):

  • Marina García
Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak