Saharara bidaltzeko bost tona pasatxo elikagai jaso dira Debagoienean

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko ots. 21a, 13:19

Bilketa bi puntu nagusitatik egin da: alde batetik, Bergaran jaso dituzte Bubisher, Anelkar eta Sagiri elkarteek batutakoa; eta bestetik, Saharaldeba elkartea arduratu da Arrasaten jasotakoak elkartzeaz. Elkarte horietako ordezkariek eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei beste urte batez erakutsitako eskuzabaltasunagatik. Saharako errefuxiatuen kanpamentura bidean daude orain jasotako materialak.

Bost tona pasatxo elikagai. Horixe jaso da aurten Debagoienean, Saharara bidaltzeko. Bilketa bi puntu nagusitatik egin da. Alde batetik, Bergaran jaso dituzte Bubisher, Anelkar eta Sagiri elkarteek batutakoa. Bergara, Antzuola, Elgeta eta Mutrikun jasotakoak elkartu dituzte Bergaran, eta guztia kaxetan jarri ostean, Bubisher elkarteko Aitziber Osak azaldu du hiru tona pasatxo elikagai jaso dituztela guztira eurek: "Honako bilketa egin da: 3.158 kilo janari. Bestetik, 850 konpresa pakete ere jaso ditugu eta kasu horretan ikusi da emakumeen beharrak beste urte batzuetan baino gehiago hartu direla kontuan". Herritarrek izan duten eskuzabaltasuna eskertu nahi izan du Osak.

Bestetik, Arrasaten Debagoieneko Saharaldeba elkartea arduratu da bilketaz eta bi tona pasatxo elikagai jaso dituzte, baita konpresa palet oso bat ere. Iaz baino gehiago jaso dutela nabarmendu du Saharaldebako presidente Saleh Salek-ek: “Iaz kantitate esanguratsua jaso genuen eta aurten gainditu egin da Arrasateko herritarren laguntzari esker. Arrakastatsua izan da iaz baino palet bat gehiago jaso dugulako”. Salek-ek ere herritarrak eskertu nahi izan ditu.

Kamioian, Alacantera bidean orain

Arrasaten jasotako elikagaiak goizean eraman dituzte Donostiara kamioi batean. Bergarakoak, berriz, Bilbora eraman dituzte, eta Alacanten elkartuko dira beste hainbat txokotatik eramandako materialarekin. Handik itsasontziz eramango da guztia Wahran herrira, Aljeria kostako herrira. Bertan Ilargi Gorriko Sahararrak trailerrak jasoko du materiala, saharar errefuxiatuen kanpamentura eramateko.

Festa eta aldarrikapena

Bestalde, Saharako errepublika aldarrikatu zela 42 urte pasa direla gogora ekartzeko eta gaur egun oraindik bizi duten gatazka politikoaz herritarrak sentsibilizatzeko, aldarrikapenez beteriko festak egingo dituzte zapatuan bai Bergaran eta baita Antzuolan ere. Arrasaten, berriz, martitzenean, otsailaren 27an, errepublika aldarrikatu zen egunean egingo dute festa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak