Goiena komunikazio taldearen egoitzan izan da Realeko jokalari Imanol Agirretxe, Galdegazte saioaren denboraldi berriko gonbidatuetako bat izango baita.
Debagoieneko Udalekin eta ikastetxeekin elkarlanean ekoizten du Goienak Galdegazte, eta eskola bakoitzeko hiru ikasle elkarrizketatzaile lanetan jartzen dira saioko, Jokin Bereziartua aurkezlearen gidaritzapean.
Dagoeneko saio batzuen grabazioak egin dira eta zehazki atzo arratsaldean izan zen Goienaren egoitzan Agirretxe, Oñatiko Zuazola-Larraña institutuko ikasleek gonbidatuta. Ohiko kazetarien galderak erantzuten baino erosoago sentitu zela elkarrizketan, adierazi zuen Agirretxek: "Errazagoa izan da. Galderak desberdinak, eta askotan eskertzen da egunerokotasunetik pixka bat atera eta beste gai batzuk ukitzea. Oso ondo egon da", azaldu zuen.
Ikasleak ere gustura egon ziren elkarrizketatzaile lanetan, nahiz eta hasieran urduri egon.
Agirretxek, besteak beste, bere denboraldi berriaz hitz egin zuen. Izan ere, 2015eko abenduaren 30ean Bernabeun lesionatu zenetik, titular moduan osorik jokatu duen lehen partidua izan zuen domekan, eta sentsazio onekin bukatu zuela azaldu zuen. Hala ere, askotariko gaiei buruz jardun zen saioan eta martxoaren 14an 21:00etan ikusi ahal izango da elkarrizketa osoa Goiena telebistan.
Estreinaldia, otsailaren 28an 21:00etan
Galdegazte saioa eguaztenetan 21:00etan eskainiko da Goiena telebistan, eta estreinaldia otsailaren 28an izango da, bertan Huntza taldeko Josune Arakistain elkarrizketatuko dute Bergarako Ipintza institutuko gazteek. Martxoaren 7ko saioan, berriz, Glaukoma taldeko Juantxo Arakama izango da Bergarako Aranzadi ikastolakoen gonbidatua. Agurtzane Elorriaga, Jose Luis Korta edota Aitor Arregi ere izango dira denboraldi berriko elkarrizketatuak Galdegazte-n.