ALBISTEAK

Iritsi dira Aratusteak Debagoienera

Eneko Azurmendi 2018ko ots. 9a, 14:25

Negu giro betean iritsi zaizkigu aurten Aratusteak. Izan ere, elurra izan da protagonista astean zehar, eta asteburuari begira, antzeko eguraldia izango dugu, iragarpenaren arabera. Hala ere, ez dirudi hori aitzakia izango denik debagoiendarrek aratusteez gozatzeko. 

Goiztiarrenak Elgetan izango dira izan ere, gaur bertan hasiko dituzte ospakizunak. Bergaran ere hitzordu garrantzitsu bat dute gaur gaueko 22:30etan, aurten 30. urteurrena beteko duen Aratusteetako kontzertua, hain zuzen.

Bihar, zapatua, Bergaran bertan, Arrasaten, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan, Aramaion eta Oñatin hainbat ekintza egongo dira, giroa mota guztietako mozorroek alaituko dutelarik.

Azkenik, domekan, Antzuolaren eta Aretxabaletaren txanda izango da. Aretxabaletan, ohiko ohiturari jarraituz, kaleak mozorroz eta dekoratuz jantziko dituzte eta 600 lagun inguru batuko dira herri bazkarian.

Goiena.eus webgunean gertuko jarraipena egin zaie Aratusteei, herriz herri, eta astelehenean tarte berezia eskainiko zaie Hemen Debagoiena saioan, Aitor Agiriano kazetariarekin.

Martitzenean Bergarako Aratuste kontzertua osorik eskainiko du Goiena telebistak, 23:00etan, eta horrez gain, Hemen Debagoiena saioan, kontzertuaren gaineko erreportaje bat ere eskainiko du.

Eguaztenean, berriz, Aratusteei eskainitako Jaiak, Aratusteak 2018 saio berezia eskainiko du Goiena telebistak, 21:00etan eta 23:00etan.

Bestalde, gaur bertan Aratusteetako argazki lehiaketa ere abiarazi du Goienak. Bi bide izango dira lehiaketan parte hartzeko. Whatsapp edo Telegram bidez, 688 69 00 07 zenbakira bidali beharko dira argazkiak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak