Obra amaitzean bailara ahalik eta kalterik gutxienekin eta egokien nahi dute; eta azpiegiturak euren ingurunean eragina izango duenez, hobekuntza batzuk ere bai. Diote kanpotik erabakitzen dela Angiozarren zer egin behar den, trenbidea edo lehenago egindako beste azpiegitura batzuk, eta bertakoek bertarako nahi dutena lortzerik ez dutela. Beraz, eskatzen dute, adibidez, AHTak bailaran duen ibilbidearen antzerakoarekin bidegorri bat, edo bailara barruko komunikazioak hobetzeko beste bat: "Autobide zati bat Angiozarreko lurretan dago, eta, aldiz, geuk, geure barruko komunikazioak nahikoa kaxkarrak ditugu. Baditugu Angiozarko bailaran Angiozarko auzoak direnak, eta Angiozarko plazatik 12 kilometrora dauden baserriak" –lerro zuzenean 2ra egonda–, dio Jose Angel Mikeo alkateak.
Euren eskariekin eta arrazoiekin dokumentu bat prestatu, eta ia auzoko bizilagun denen sinadurarekin euskal alderdi eta erakundeei bidali diete. Erantzunak espero dituzte. Aste honetako Harira saioan Jaurlaritzako sailburu Arantxa Tapiari galdetu zion Eneko Azkaratek gaiaren gainean, eta ondorengoa izan zen erantzuna: "Beti horrelako azpiegitura bat egiten denean eta kalteak egiten direnean, ordain moduan beti hobekuntzak sartzen dira. Orduan, aztertu beharko litzateke zatiz zati eta zer gertatzen den herri bakoitzean, gune bakoitzean. Eta ez dugu ahaztu behar badagoela, baita ere, %1a kulturara bideratzen dena horrelako azpiegituretan, eta hori zertara bideratu daitekeen ere aztertu daiteke Adif-ekin eta Ministerioarekin."
Tapiari entzunda, hau zioen Mikeok: "Argitxo bat, behar bada, pizten da, ze ez zuen gauza handirik zehaztu, baina uste dut ardura bat agertu zuela, eta kulturarako %1aren gaia ere aipatu zuen".
Bergarako lotunearen hirugarren eta azken zatiaren lizitazioarekin, lotune osoa aurten bertan obretan egotea espero du sailburuak, eta falta diren gainerako lanak amaituta, epeak betez gero, 2023an trena martxan jartzeko moduan egotea. Debagoienean, obretan dauden beste bi zati falta dira amaitzeko: Legutio-Eskoriatza 2 eta Antzuola-Ezkio-Itsaso mendebaldea.