Hilean 38.600 bidaiaritan igo da Debagoienean Lurraldebusen erabilera Aldundiaren arabera

Josu Bilbao Atxutegi 2018ko urt. 16a, 14:33

2017ko azken hiru hilabeteetan eman da gorakada hori. "Herritarren erosotasunerako lotura eta linea ezberdinen arteko transbordoak hobetzeko berrantolaketa egin da azkenaldian", azaldu dute Foru Aldunditik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ezagutzera eman duenez Debagoienean hilean 38.600 bidaiari gehiago izan zituen Lurraldebusek 2017ko azken hiru hilekoan –2016ko azken hiru hilabeteekin alderatuta–. Guztira 115.864 erabiltzaile gehiago izan zituen, beraz, iaz baino %20-a gehiago.

"Urrian Lurraldebusek eskualdean egindako berrantolaketaren ostean eman da erabiltzaileen gorakada hau", eta horregatik "garrantzitsua" dela, azaldu du Foru Aldundiak.

"Eskualdeko alkate eta zinegotziekin hainbat batzar izan ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak planteatutako aukerak lineen ibilbideak eta frekuentziak erraztu ditu, gaur egun dagoen eskariari behar bezala erantzuten. Lineen diseinu berriak Eskoriatza-Arrasate-Bergara eta Eibar-Bergara-Arrasate ardatzak lehenbiziko moduan hartzen ditu, eta horregatik DG10 eta DG11 linea berriak ezarri ditu, eskariari erantzuteko –Debagoieneko mugikortasunaren %70-a suposatzen baitute ardatz hauek–. Linea hauek moldatzeko beharra argia zen, Eskoriatza moduko egoerengatik, egunean 200 autobus igarotzen baitziren bertatik. Gainera, jada moldatutako DG03 eta DG04 lineek 2:30 orduko iraupena hartzen zuten, ordutegia eta frekuentzia betetzeko arazoekin. Orain, aldaketen ondorioz, gehienez ordubeteko iraupena dute linea horiek", azaldu dute Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako departamentutik.

 "Lurraldebusen puntualitatean hobekuntza nabarmena" egon da moldaketen ostean, Aldundiak azaldu duenez. "DG03 linean 35 minutuko batezbesteko atzerapenetik, 10 minutura igaro da, eta DG04 linean 39 minutuko batezbesteko atzerapenetik 6 minutura. Gainera, irteera orduen hausteak %60 eta %64 murriztu dira linean bakoitzean. Oraindik hobetzeko gelditzen den arren, datu hauek lineen efizientzian hobekuntzak egon direla erakusten dute", adierazi dute Foru Aldunditik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak "EH Bilduk Debagoienean eramandako desinformazio eta ospe-galtze kanpaina" salatu du baita ere. "Datuek erakusten duten moduan, ez dator bat errealitatearekin eta intentzio politikoarekin alarma sortzea besterik ez du bilatzen", azaldu dute Foru Aldunditik.

Foru Aldundiak egindako aldaketak "eremuko alkateen eskakizunei erantzunez" egin direla azpimarratu du, eta "berrantolaketak prozesu horretan parte hartu duten alkate eta zinegotzi guztien onarpena" duela.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak