Aurten 7 eta 11 urte bitarteko 1.000 neska-mutiko inguruk eman dute izena Kantari karaoke ikuskizunean, eta dagoeneko Aretxabaletako eta Eskoriatzako 200 gaztetxok egin dituzte entsegu orokorrak; datorren asteburuan Aretxabaletako Arkupen egingo diren Kantariren grabazioetan guztia primeran irten dadin.
Talde bakoitzak zozketa bitartez tokatu zaion kantua entseatu du eta gustura daude abestuko duten euskal kantuarekin. Entseguak gidatzen izan zen Aitor Agirianok gainera, maila ona ikusi du Aretxabaletako eta Eskoriatzako kantarietan. Izan ere, entsegu orokorraren aurretik, euren aldetik ikasi dituzte gaztetxoek kantuak.
Asteburu honetan, grabazioak Aretxabaletan
Aste honetan, abestiei azken ukituak egin, eta zapatuan eta domekan izango dute egun handia, orduan grabatuko baitira Aretxabaleta eta Eskoriatzako kantarien saioak. Guztira, 9 saio grabatuko dira Arkupen, eta entsegu orokorrean bezala, grabazio egunetan parte-hartzaileen gurasoak, anai-arrebak, familia artekoak eta lagunak espero dira ikus-entzule moduan, agertokian dauden artistei animoak emateko.
Taldekide askok, gainera, prest dituzte ikuskizun egunean jantziko dituzten arropak ere.
40 saio
Aretxabaletako grabazioen ostean, Oñatikoak etorriko dira, gero Bergarakoak, eta azkenik Arrasatekoak.
Guztira, Kantariren 40 saio ekoiztuko ditu Goienak eta telebistan otsailaren 3-4ko asteburuan estreinatuko dira grabatutako lehenengo bi saioak. Astebururo estreinatuko dira bina saio, gero astean zehar errepikatu egingo dira, eta ekaina bukaera bitartean Kantariren saio berriak izango dira ikusgai Goiena telebistan.