Maider Imaz epaileak Elgetako kereila onartu ostean, orain heldu da kolpea. Nola baloratzen duzue azken erabaki hori?
Pena handien biktimen egoerak ematen digu. Jakitun ginen halako kereila batek oso zaila izango zuela aurrera egitea. Epaile ausart batek bidea zabaldu arren, bagenekien trabaren bat topatuko genuela bidean. Baina ez genuen uste horren azkar izango zenik. Beste epaile batek prozesu osoa zapuztuko zuenik.
Epaile aldaketa nahita egin dutela uste duzue?
Ez daukagu frogarik hori horrela izan denik esateko, baina ziur gaude nahita egindako aldaketa izan dela. Hilabete batera aldatu dute epailea. Edozer egiteko gai dira gure borroka trabatzeko. Egiaren, justiziaren eta erreparazioaren borrokari oztopoak ipintzeko edozer egiteko kapaz dira. Eta esango dute epaile aldaketa hori legezko prozedura bateko parte dela. Legea betetzen ari direla. Antza, guztia egiten dute legearen barruan, lege horrek justiziarekin zerikusirik ez duen arren.
Eta, orain, zer?
Hilaren 4rako, errekurtsoa aurkeztu genuen, eta bere ibilbidea egingo du. Lurralde Auzitegiak erabaki beharko du. Seguruenez, fiskaltzak ez du onartuko. Hurrengo urratsa Auzitegi Gorena izango litzateke, eta handik, Estrasburgora.
Azkenera arte heltzeko asmotan zaudete, hortaz?
Hala da, bai. Legeak berak, bai hemengoak eta baita nazioartekoak, ematen dizkigun bide eta zirrikitu guztiak erabiltzeko asmotan gaude. Hortik aurrera, zer? Bada, ikusi beharko genuke ordurako zenbat udalek aurkeztu dituzten kereilak eta horrekin zer gehiago egin dezakegun. Espainiako justiziaren portaera behin baino gehiagotan salatu izan da nazioartean, baita Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluan ere.
Biktimendako kolpe latza izan da, beste behin.
Bai. Esperantzara zabaldutako bidea, derrepente itxi diete. Gogorra izan da. Guk garbi daukagu: gizarteak exijitzen ez badu, biktimen arazoa erabaki barik geratuko da. Eta hori, gizartearen porrota izango da, ez biktimen porrota.