"Errekurtsoak jarriz eta gertakariak salatuz jarraituko dugu, eta ez dugu amore emango diktadura frankistak eragindako giza eskubideen aurkako krimen guztiak ikertu eta epaitu arte" adierazi dute bost alderdiek sinatutako mezu bateratuan.
Kereila aurkeztu zen egunean, Udalari zerbitzu juridikoa eskaintzen dion Jon Anda abokatua mesfidati zegoen kereilak izan zitzakeen aukerei dagokionez. 1977ko amnistiaren legearekin zaila ikusten zuen kereila tramitera onartzea, baina Elgetakoa tramitera onartu izanak esperantzako tartea zabaldu zuen.
“Elgetako Udalak aurkeztutako tramitea onartua izan ostean, Arrasaterena ere onartzea espero genuen, baina, tamalez ez da horrela izan. Dena den, ez dugu inola ere amore emango eta guztiok bat eginda lanean jarraituko dugu” adierazi dute mezu bateratuko sinatzaileek.
Hala ere, hasiera batean tramitera onartu bazuten ere, epaile berri batek Elgetako kereila artxibatzeko agindua eman zuen abenduaren 22an, eta Arrasateko Udalak jarritakoak bide bera jarraitu du.