Frankismoaren inpunitatearekin amaitzeko egitasmoa
Martxoko osoko bilkuran, alderdi guztiek aho batez onartu zuten Arrasatek, udal bezala, frankismoaren krimenen aurka kereila kriminala jartzeko mozioa. Proposamena, Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformak luzatu zion Udalari. Argentinan martxan da frankismoaren krimenak ikertzeko kereila bat, Maria Silvini epaileak gidatua. Baina urrats bat harago joateko, plataformako kideek Euskal Herriko Udalei gonbidapena egitea erabaki zuten, hauek instituzio gisa kereila kriminala jartzeko, eta eurek pilatutako froga horiek Argentinako kereilara batzeko.
Hala, aho batez mozioa onartu ostean, Udalak herritarren testigantzak batzeko bulego bat jarri zuen BAZen. Guztira 23 biktimei buruzko 24 testigantza batu dira, eta guzti horiei Intxorta 1937 elkarteak egindako dossier bat atxikitu zaie eranskin gisa, non frankisten errepresioa jasan duten 901 arrasatearren izenak ageri diren.
Gaur goizean aurkeztu dute kereila Bergarako epaitegian, eta bertan izan dira udalbatzako alderdietako ordezkariak. Udaleko zerbitzu juridikoak daramatzan Jon Anda ere han izan da, eta hala azaldu du kereilak jarrai dezakeen bidea zein izan daitekeen.
"Ikusteko dago zer gertatzen den. Kereila aztertzen duen epaileak ikusiko du tramitera onartzen duen edo ez. 1977ko amnistiaren legearekin zaila izaten da era honetako kereilek aurrera egitea, baina epailearen erabakiak baldintzatuko du kereilaren ibilbidea. Onartua izanez gero, bertako biktimak epaitegira etorri beharko lirateke testigantzak ematera, eta orduan, beste dimentsio bat hartuko luke auziak".
Hurrengoa Elgeta
Elgetako Udalak ere bat egin zuen Udal bezala kereila jartzeko egitasmoarekin, eta jada eginda dauka herritarren testigantzen bilketa ere. Arrasateko kasuaren antzera, data berezi batekin bat eginez aurkeztuko dute. Josu Ibargutxi Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideak azaldu duenez, urriaren 4an aurkeztuko dute, Intxortako miliziano eta gudarien omenaldi egunarekin bat eginez.