Leintz Gatzagako errolda grafiko bat egin du Joxe Felix Diaz de Tuesta arrasatear argazkilariak; zehazki, orain dela bi urte egin zuen erakusketaren aurkezpena Leintz Gatzagan, eta orain, Oñatira ekarri du lana hamahiru argazki berri gehituta eta baita Leintz Gatzagako ia biztanle guztien aurpegiak jasotzen dituen 204 argazkitako mosaikoarekin.
Gatzagarren argazkiak jasotzen dituen liburua ere salgai dago, eta argazki horiek eta beste batzuk jasotzen dituen webgunea aurkeztu du Oñatin argazkilariak, halaxe azaldu du: “Liburuan agertzen ez diren argazki asko agertzen dira webgunean; liburua formatu mugatu baten egin zen, liburuan jaso nahi genituen herritar guztien argazkiak, baina beste argazki asko kanpoan gelditu ziren”. Eta webgunean horiek ere jaso dituzte. Ane alaba informatikariak egin du webgunea.
Aurkezpenean Leintz Gatzagako Joanes Mendizabal zinegotzia ere izan zen, eta pozik agertu zen. Oñatiko alkate Mikel Bianek, bailarako soziologiaren erretratu txiki bat ere badela azaldu zuen. Eta Oñatiko argazkilari Santi Mendiolak ere ez zuen galdu aurkezpena, eta azpimarratu du argazkietako pertsonaia bakoitzak istorio bat kontatzen duela.
Hilaren 22ra bitartean izango da ikusgai erakusketa eta Diaz de Tuestak adierazi du gustatuko litzaiokeela antzerako proiekturen bat Oñatiko auzoren bateko bizilagunekin egitea.