Merkealdi garaiko lehen orduak baino ez dira igaro oraindik, baina igartzen da: Arrasateko Garraxi eta Bergarako Subijai dendetan, bederen, goizean dezente mugimendu izan dute. Batean zein bestean, ondo joan dira Gabonetako salmentak, baina generoa badute oraindik eta baikor ekin diote merkealdi sasoiari.
Garraxiko Eider Bolinagaren esanetan, urtarrilaren hasieran %20ko deskontuak egiteari ekin zioten eta gaurtik %30ekoak: "Egia da, gaur egun, urtean zehar ere hainbat eskaintza egoten direla, baina merkealdiak merkealdiak dira, eta oraindik ere badago jende multzo bat sasoi horren zain egoten dena. Gainera, %30eko deskontua oso erakargarria da eta negua oso luzea".
Subijaiko Maribi Berraondok ere nabaritu du goizean beherapen sasoian sartu izana: "Bai, telebista kate handietan erakusten dituzten jende ilararik-eta ez dugu izan atean –dio, irribarrez– baina ondo egin dugu lan". Bere kasuan, ez du deskonturik egin orain arte, baina hala ere Gabonetako kanpaina ondo joan dela adierazi du, "iaz baino hobeto".
Eusko Jaurlaritzaren bonuak
Eusko Jaurlaritzak komertzio txikiei bultzada emateko ateratako bonuak (30 euroko gastuarekin, 10 euroko deskontu zuzena) hizpide izan dituzte batek zein besteak, salmentak sustatzen lagundu dutela esanez. Eta gaineratu dute gure herrietan "komertzio ona" dagoela, eta jendea ari dela horretaz eta bertako dendetan erostearen garrantziaz jabetzen.
Beste iritzi batzuk
Gabonetako salmentei buruz beste iritzi batzuk ere badira, ordea. Bergarako Bedelkar merkatari elkartetik azaldu dute herriko denda batzuetan kexu azaldu direla eta badela aspaldiko urteetako kanpainarik txarrena izan duela dioenik ere.