Gabonen aurreko astea ezkero epidemia maila gainditu du gripeak Euskal Autonomia Erkidegoan. Epidemia mailara iristeko 100.000 biztanleko 52,46 kasu egon beharko lirateke, eta pasa den astean, 100.000 biztanleko 160 kasuak gainditu ziren. Hori dela eta, Osakidetzak bihar arte luzatu du gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpaina.
Gipuzkoa ere gogor astindu du gripeak, eta Debagoienean larrialdi zerbitzuak eta anbulatorioak gainezka egon dira. "Egun hauetan, intzidentzia mailari dagokionez, muturrera heltzen gabiltzala esan dezakegu. Orokorrean, ospitaleak gainezka daude, eta, hori dela eta, errefortzuez gain, aparteko neurriak hartu behar izan ditugu. Gripea dela eta, artatzeak asko ugaritu dira egunotan, eta egoera zaila izan da. Horregatik, barkamenak eskatu behar dizkiegu pazienteei, artatzeetan atzeratzeak izan ditugulako. Horrez gain, lehen mailako arretako zentroak erabiltzeko dei egiten dugu Debagoieneko Ospitaletik", azaldu du Ospitaleko Medikuntzako Koordinazio Asistentzialeko zuzendari Jesus Millasek.
"Azken bi aste hauek nahiko potoloak izan dira. Jende pila etorri da larrialdi zerbitzuetara gripearekin, eta, prozesu hauek ziklikoak direnez, oraingoz, epidemia mailan jarraituko dugula dirudi. Gainera, aipatu behar da haur asko gerturatu direla gripearekin, eta triajea, adibidez, nahiko poliki ibili da, gainezka egon gara-eta une batzuetan", azpimarratu du Debagoieneko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuetako arduradun Iñaki Agirianok.