Saihesbideko puntu berean beste bi istripu larri egon dira azken sei urteotan

Mirari Altube Arrese 2018ko urt. 5a, 10:25

Aretxabaletako saihesbidea.

Aretxabaletako saihesbideko puntu hori ez dago lurraldeko puntu beltzen artean, Aretxabaletako alkate Unai Elkorok jakinarazi duenez Foru Aldundian galdetuta. Hala ere, hainbat istripu larri izan dira azken urteotan, horietako bi GI-627 errepideko 32. kilometroan, atzo izandako puntutik oso gertu. 2011n, bi gizonezko hil ziren, eta 2016an, bi zauritu izan ziren horietako bat larri. Hirugarren bat ere gertatu zen iaz, kilometro batera.

2011ko uztailean izandako istripuan bi gizonezko, Eskoriatzakoa bata eta Arrasatekoa bestea, hil ziren gidatzen zuten autoek aurrez aurre jo ostean.

2016ko urtarrilaren 6an ere noranzko ezberdinetan zihoazen bi autok aurrez aurre egin zuten talka. Bi autoetako gidariak harrapatuta geratu ziren horietako bat larri.

Bestalde, duela bi hilabete, 2017ko azaroaren 12an, beste istripu bat izan zen errepide berean, baina kilometro bateko tartean. Aretxabaletako hegoaldeko sarreran bi autok talka egin zuten, eta auto baten barruan harrapatuta geratu zen lagun bat.
 

2017ko istripuak

2017ko abenduaren 27an, Trafikoko zuzendari Sonia Diaz de Corcuerak heriotzen balantzea aurkeztu zuen Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan. Datu orokor horien arabera, iaz 39 pertsona hil ziren EAEko errepideetan eta kaleetan; 28 gizonezko eta 11 emakumezko. 39 pertsona horietatik 23 gidariak izan ziren (7 motor-gidariak eta 16 auto-gidariak edo bestelako ibilgailuetako gidariak), 9 bidaiariak (1 motorrekoa eta 8 autoetakoak) eta 7 oinezkoak. 2016arekin alderatuta zazpi hildako gutxiago egon ziren 2017an. 
 
Bestalde, 2017ko istripuen kopuruari buruzko datuak ere eskaini zituzten. Abenduaren 27ra arte 7.547 istripu erregistratu ziren EAEn; 2016an, berriz, urtea 8.125 istripurekin amaitu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak