Ane Aranzabal Inziarte arrasatearra izan da Debagoieneko Ospitalean 2017an jaiotako azken umea. Abenduaren 31n jaio zen 01:50ean eta urteko azkena izan da. Urtarrilaren 3an jaiotzekoa zen, baina aurreratu egin zen eta 3,450 kilo pisatu zituen jaiotakoan. Estibaliz eta Julen gurasoak pozarren daude. Gaur, martitzena, goizean eman diete alta amari eta alabari, eta gustura joan dira etxera txikiaz disfrutatzen jarraitzera.
Ane Aranzabal Inziarte, 2017ko Debagoieneko Ospitaleko azken jaioberria, gurasoekin.
2018an Debagoieneko Ospitalean eta Gipuzkoan jaiotako lehen umea, berriz, Danel Gonzalez Iñurrieta da. Goizeko 03:30etan jaio zen eta 3 kilo pisatu zituen. Soraluzekoak dira jatorriz Maitane eta Jabier gurasoak, baina egun Bergaran bizi dira. Horiek ere poz-pozik jaso dute urte berriko oparia.
Danel Gonzalez Iñurrieta, 2018ko Gipuzkoako lehen jaioberria, gurasoekin.
Urte osorako ogia, opari
Gainera, 2018ko Gipuzkoako lehen jaioberri Danelen gurasoek urte osoan zehar ogia doan eskuratzeko aukera izango dute, Gipuzkoako Okindegien Elkarteak modu horretara saritu dituztelako. Ekimen horren bitartez, Agipanek nahi duena da ogiaren onurak aldarrikatzea, elikadura osasungarria izateko.