ALBISTEAK

Kantari karaokean parte hartzeko 1.000 neska-mutikok eman dute izena

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko abe. 20a, 15:42

Egunotan bidaliko zaie Kantari karaoke ikuskizuneko parte-hartzaileen gurasoei Whatsapp mezu bat eta bertan agertuko zaie zein kantu izango duen talde bakoitzak, eta entseguen eta grabazioen egun eta orduak. Grabazioak lau herritan egingo dira urtarriletik Aste Santura bitartean.

Debagoieneko 7 eta 11 urte bitarteko gaztetxoek eman dute izena, Kantari karaoke ikuskizunean parte hartzeko. Guztira, 1.000 neska-mutiko igoko dira bailarako agertokietara seigarren urtez egingo den euskarazko kantuen karaokean parte hartzeko.

Aste honetan egin da abestien zozketa, eta parte-hartzaileen gurasoei Whatsapp bitartez jakinaraziko zaie egun hauetan zein abesti izango duten umeek, entseguak non eta noiz izango diren, eta ikuskizuna zein egunetan grabatuko den.

Urtarriletik Aste Santura bitartean

Aurreko urteetan bezala, aurten ere entseguak egingo dira grabazio eguna baino astebete lehenago eta dagoeneko datak zehaztuta daude. Urtarrilean hasi eta Aste Santura bitartean, aurreko urteetan bezala, lau herritan egingo dira grabazioak.

Aretxabaletako eta Eskoriatzako gaztetxoak izango dira agertokira igotzen lehenak. Urtarrilaren 13an eta 14an egingo dira entseguak eta urtarrilaren 20an eta 21ean izango dira grabazioak Aretxabaletako Arkupen.

Oñati izango da hurrengo herria; urtarrilaren 27an eta 28an egingo dira entseguak, eta grabazioak otsailaren 3an eta 4an egingo dira.

Bergaran, otsailaren 17 eta 18an egingo dira entseguak, eta otsailaren 24an eta 25ean grabatuko da ikuskizuna, aurten estreinakoz Seminarixoan. Antzuolako eta Elgetako gaztetxoek ere Bergarako saioetan hartuko dute parte.

Azkenik, Aramaioko eta Arrasateko kantarien txanda izango da. Martxoaren 17an eta 18an izango dira entseguak, eta grabazioak martxoaren 24an eta 25ean egingo dira Amaia antzokian.

Helburua, urterokoa izango da; euskal kantuak abesten gaztetxoek primeran pasatzea, eta parte-hartzaileekin batera, baita familiarrek eta 1.000 protagonisten inguruko lagunek ere. Grabazioen ostean, Goiena telebistan eskainiko dira saio guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak