Bailarako eskola publikoak itxi egin dituzte "kalitatezko hezkuntza publiko baten alde"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2017ko abe. 12a, 12:51

Bailarako hezkuntza publikoko eskolek bat egin dute gaurko deituta zegoen greba deialdiarekin. Sindikatuek ere bat egin dute greba deitzerako orduan; eta, gaurkoan, lan gatazkan dauden sektore guztiek elkarrekin egin dute lanuztea: irakasleek, sukaldariek eta garbitzaileek, heziketa bereziko langileek eta Haurreskolak partzuergokoek.

ELA, LAB, Steilas, CCOOk eta UGTk deitu dute gaurko greba deialdia; unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan, hain zuzen.

"Kalitatezko hezkuntza publiko baten alde borrokan" dabiltzala nabarmendu du Arrasate Eskola Publikoko zuzendari Beñardo Balerdik. Eta, horretarako, beharrezkoa jotzen dute hezkuntzara bideratutako "inbertsioa handitzea". Sindikatuek emandako datuen arabera, "2009an baino 162.000 euro gutxiago bideratzen da gaur egun hezkuntzara".

Egiten dituzten aldarrikapenak azaldu dizkigu Balerdik: "Eskatzen duguna da ordezkapenak lehenengo egunetik egitea eta behin-behinekotasuna jaistea, besteak beste. Uste dugu modu horretan kalitatezko hezkuntza hobeago bat lortuko dugula".

Aldarrikapenak


Sindikatuok hainbat neurri proposatu dituzte egoerari irtenbidea emateko, horien artean hezkuntzan inbertsio publikoa handitzea; plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitzea; behin-behinekotasuna %6ra murriztea; ikasle-ratioak %10 murriztea; irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea; ordezkapenak lehen egunetik kubritzea; bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea; Lomce ikastetxeetatik ateratzea eta Heziberri bertan behera uztea, besteak beste.

Irakasle finkoekin proiektuak sendotzen dira

Balerdik nabarmendu du eskoletan plantila finkoak izatea beharrezkoa dela "proiektuak sendotzeko" eta "epe luzerako planak" egin ahal izateko. Aurrera begira, baina, Balerdi ez dago itxaropentsu: "Ikasturte beroa izango da eta protesta gehiago egingo direla uste dut".


Sindikatuen eta Jaurlaritzaren arteko harremanak etenda daudela esan daiteke gaur egun. Irailaren 27an egin zuten irakasleen arloko azken mahai sektoriala, eta ez da besterik izan harrezkero. Azaro amaieran saiatu ziren beste bat egiten, baina bertan behera utzi zuten deialdia.

%75eko jarraipena

Sindikatuen arabera %75etik gorako erantzuna izaten ari da gaurko greba; Jaurlaritzak ez du oraindik daturik eman.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak