Txistulariek lagunduta kalejiran egin dute Seber Altubetik Arrasateko gaztetxeraino bidea Anjel Iturbek, Kristina Larrañagak eta Aratz Gomezek. Iturbek eta Larrañagak 43 urte egin dituzte Arrasatetik kanpora, eta Gomezek –Larrañagaren semea– hemezortzi urte egin ditu kartzelan.
Herrikideek ongi etorri ekitaldia egin diete gaur eguerdian. Txalaparta, musika, bertsoak eta dantza izan dira ekitaldi horretan. Horrekin batera hiru omenduek herritik kanpora izan diren urteetan bizi izandako egoera zailak ekarri dituzte gogora.
Preso eta iheslari ohi ugari izan dira ekitaldian. Besarkada eta ongi etorri mezu ugari jaso dituzte hiru omenduek. Santamas komisuñuaren eskutik ere Arrasaten hain esanguratsua den enbudo bana jaso dute.
Hitza ere hartu dute. Hirurek eskertu dute jasotako ongi etorria, eta hirurek izan dituzte gogoan oraindik ere kartzelan, erbestean edo deportazioan dauden lagunak. "Preso eta iheslari asko dago oraindik etxera ekartzeko. Harro gaude zuetaz. Ikusten da Arrasaten oraindik ere badagoela gogoa aurrera egiteko. Horrenbeste urte herritik kanpora pasa ondoren pozik nago berriz ere nire sorterrian, baina oraindik baditugu bai presoak, bai iheslariak, bai deportatuak. Horiek behar ditugu etxera ekarri, eta ez kartzeletara. Espero dut hemendik aurrera denen artean laster –agian bihar– etxera ekarriko ditugula", esan du Anjel Iturbek.
Zentzu berean egin dute berba Larrañagak eta Gomezek. "Hor egon beharko dugu. Borroka oraindik ez da bukatu. Gora Euskadi askatuta eta gora Euskadi independentea!", esan du Larrañagak. Gomezek bere aldetik esan du: "Milesker bihotz bihotzez eta segi aurrera. Aurrera bolie denak atera arte!"
Anje Duhalde
Anje Duhalde izan da ekitaldiari amaiera emateko sorpresa. Semearekin batera bi kantu eskaini ditu Arrasateko gaztetxean Aurrera Bolie eta Amnistiaren Dema.