Bergarako UNEDen 2017-2018 kurtsoko irekiera ekitaldian hasiera lezioa eskaintzearen ardura izan duena Luis Elizegi izan da, UNED Bergara patronatuaren idazkari ohia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Araugintzaren Zuzendari orokor ohia. Elizegik Eskubide historioak eta kontzertu ekonomikoa hartu ditu ahotan bere berbaldian.
Elizegiz gain, ekitaldian parte hartu dute Imanol Lasak, Aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazio departamentuko diputatuak; Adolfo Moraisek, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta ikerketa sailburuordeak; Ricardo Mairalek, UNED zentraleko Lehen Errektoreordeak, Elena Letek, Bergarako alkateak eta Iñaki Esparzak, UNED Bergarako zuzendariak.
Hitza hartu dutenean, guztiek azpimarratu dute kalitatezko hezkuntzaren eta formakuntzaren garrantzia gaur egungo gizartean, eta UNED kalitate horren adibide dela azpimaratu dute. Era berean, urrutiazko unibertsitatea izanik, arrazoi bat edo bestea dela eskola presentzialetara joan ezin duten horiei ikasketak burutzeko aukera eskaintzearen garrantzia azpimarratu dute.
Hala, diploma banaketa ekitaldian ikusi ahal izan da orotarikoak izan direla titulatuak, gradu, ikastaro edo arlo desberdinetan aritu direnak eta adin eta profil oso desberdinetakoak. UNED Bergarak urtero batezbeste 3000 matrikulatu izaten ditu eskaintzen dituen ikasketa mota desberdinetan.
Ikasturtera begirako berritasunak
Aipatu bezala, ikasturte berriari begirako nobedade garrantzitsuenetariko bat UNED Bergaran Kriminologiako ikasketak eskaintzen hasiko direla omen da.
Bestalde, Iñaki Esparza zuzendariak gogorarazi duen moduan, Unibertsitatearen Bergarako instalakuntzetan, Errege Seminarioan, berrikuntza eta hobekuntza lanak egiten dihardute, eta hurrengo ikasturte hasiera ingururako bukatuta egongo omen dira horiek, aurreikusten dutenez.
Bukatzeko, Esparzak UNED Bergararen Patronatua osatzen dutenei eskerrak eman nahi izan dizkie euren lankidetzagatik, eta jakitera eman du etorkizun hurbilean Eusko Jaurlaritzak ere parte hartuko duela UNEDek, Bergarako Udalak edota Gipuzkoako Foru Aldundiak osatzen duten patronatu horretan.