Aurten ere kuadrilla galanta batuko da Antxintxika Kroseko irteera puntuan: "Izen-ematea martxa onean doa, dagoeneko 130 lagunek eman dute izena", dio Aitor Rementeriak (Kirolprobak.com).
Ibilbidean, berriz, aldaketa txiki bat izango da, 10.000 metroak zorrotz betetzeko, lasterketa apur bat luzatuko dute Bergarako kaleetan: Kruz Gallastegi kalean gora egin eta Irizartik jaitsiko dira Ibargaraiko zuzenera.
Mikel Crespo saria
Bestalde, abuztuan Pirinioetan zendu zen Mikel Crespo gogoan izango dute: "Antxintxikako kide zen Mikel, aurten hiru lasterketa eginak zituen, eta hemendik aurrera haren izena izango duen saria emango diegu ibarreko gizonezko eta emakumezko azkarrenei". Horrekin batera, atletismoko epaile zen Jose Ramon Petreñas arrasatearraren omenez minutu bateko isilunea gordeko dute lasterketa hasieran: "Inoiz ez zuen gure lasterketan kalerik egin".
David Gartzia zortzigarrenaren bila
"Antxintxika Krosa nire lasterketa da", esan ohi du lasterketa zazpitan irabazi duen David Gartziak. "Aurten, baina, lesionatuta ibili da eta behar den moduan entrenatu barik dator gurera", dio Rementeriak. Baina duela bi urte ere urte zaila izan zuen, eta gurean irabazi egin zuen. "Ikusteko dago; izan ere, Aitor Mimentza indartsu dabil. Borroka egongo da aurrean".