Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara eramatearen atzean ''mendeku gosea'' dagoela salatu dute

Txomin Madina Milikua 2017ko urr. 25a, 13:53

EAJko eta PSE-EEko ordezkarien aldeko botoekin, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, GHK-k,  auzitara eraman ditu Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta. Errazkin Ingurumen diputatua izan zen aurreko legealdian, eta Intxaurrandieta, Kontsortzioko lehendakaria. EH Bilduren Debagoieneko hautetsiek eta hautetsi ohiek erabakia salatu dute.

Egungo Ingurumen diputatuak, Jose Ignacio Asensio sozialistak azaldu duenez, Zubietako errauste planta geratzeko erabakiak ekarritako kalte ekonomikoak direla eta jarri dute Iñaki Errazkinen eta Ainhoa Intxaurrandietaren aurkako auzI-eskea Espainiako Kontu Auzitegian, kalte horien arduradunak BIlduko bi kargu ohiak izan zirela argudiatuta.

Guztira 41 milioi euro itzultzea eskatzen diete: 8,2 milioi  erraustegiaren eraikitzeko kontratuak bertan behera uzteagatik ordaindutako indemnizazioengatik, eta gainerakoa, errauskailua geratzeak ekarri zituen bestelako ondorio ekonomikoengatik.

EH Bilduren agerraldia

Horren harira, agerraldia egin zuten atzo Arrasaten EH  Bilduren Debagoieneko hautsiek eta hautetsi ohiek eta Iñaki Errazkinen eta Ainhoa Intxaurrandietaren kontra bide judizialetik jotzeko erabakia salatu zuten bertan.

Azaldu zuten errauskailuaren kontrako apustua egiten zuen Bilduk 2011ko maiatzean Udal eta Foru hauteskundeak irabazi ostean, urte horretako urrian, koalizioko ordezkariak Kontsortzioan sartu baino astebete lehenago, EAJk eta PSEk errauskailuaren proiektua FCC enpresari esleitu ziotela "modu ilun eta presazkoan". Azpimarratu zuten "finantza erakunde eta konstruktora handien mesedetan" hartutako erabakia izan zela hori.

Gaineratu zuten Bilduk argi zeukala erraustegiaren proiektuaren ingurumen nahiz ekonomia kostua kontuan izanda, hondakinen kudeaketarako alternatiba bat eskainiko zuela, eta Foru Aldundiak ere errauskailurik gabeko hondakinen tratamendurako plana aurkeztu zuela. Horren ondorioz, gogora ekarri zuten 2013ko azaroan errauste planta egiteko kontratua bertan behera geratu zela, kontratisten eta GHK-ren arteko akordio baten bidez.

Gauzak horrela, Errazkin eta Intxaurrandieta auzitegira eramateko erabakia "mendeku gose"-aren ondorio dela adierazi zuten. "EAJk eta PSE-EEk zerbait erakusten badigute, elite ekonomikoekiko duten menpekotasuna da. Argi geratu da ez dutela eskrupulurik beraien intereseko makroproiektuetan oztopo izan litekeen hori erasotzeko. Mendeku gosea da hori", esan zuen Mankomunitateko Ingurumen Saileko arduradun ohi Leire Egañak.

Era berean, babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan zieten Bilduren bi kargu ohiei: "Hondakinen kudeatzeak desadostasun asko eragin ditu gipuzkoar gizartean azken urteotan. gaiaren judizializazioak ez du laguntzen bizikidetzan, apaltasunez jokatu zuten Errazkin eta Intxaurrandietak eta hori da leziorik handiena gai honetan. Horregatik, elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu. Ez dutelako elite ekonomikoen interesen alde egin, herritarren aldetik jasotako eskari baten alde baino".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak