Urte batzuetan gertatu izan da aurreikuspenak bete ez eta zati bat itzuli behar izatea ere, baina Oñatiko alkateak azaldu duenez azken urteetan aurreikuspenak betetzea lortu da eta nahiko lasai dabiltza zentzu horretan. Eta badirudi lasai jarraitzeko moduan izango direla, Markel Olano ahaldun nagusiaren esanetan, datorren urtera begira ere aurreikuspena delako Gipuzkoako zerga bilketak hazkundearen bidetik jarraitzea. Zerga bilketaren isla da neurri handi batean Udal Finantzaketarako Foru Funtsa eta funtsaren zuzkidura 467 milioi euro izan da aurten eta 2018an 485 milioi eurotara iristea espero da.
Kupoaren akordioa
Aurten, baina, bada kontuan hartu beharreko beste aldagai bat ere: Kupoaren akordioa. Duela bi urte, Kupoaren desadostasunek udal bakoitzarentzako eragin zezakeen kaltea hornitzeko baliabide batzuk gorde ziren, badaezpada, eta akordioak baliabide horiek edo, bestela esanda, diru partida horiek askatzea eta erabilgarri izatea ekarriko luke: ia 24,7 milioi euro. Itxaropentsu azaldu da zentzu horretan Aretxabaletako alkatea; berri ona litzateke, bere hitzetan.
Mikel Biainen iritziz ere, sinatutakoa betetzen bada, positiboa litzateke udalentzat, baina harantzago doa Oñatiko alkatea: Kataluniako egoerari erreferentzia eginez dio joko txikitik handira jauzia egiteko garaia dela.