Mondrate eta Eskoriatza lehen derbirako gertu

Josu Bilbao Atxutegi 2017ko urr. 20a, 12:07

Areto futboleko Euskal Ligan lehenengo aldiz jokatuko dute Debagoieneko taldeek elkarren aurka. Mondratek iragan denboraldian lortu zuen mailaz igotzea, eta bihar, Musakolako kiroldegian –17:30ean–, Eskoriatza hartuko dute Antxon Isasiren mutilek.

Mondratek ez du irabazi orain- dik maila berrian, eta bihar irabazteko aukera polita izango dute derbian. Pasa den aste bukaeran atseden hartu zuten Arrasatekoek, eta bihar lehiaketara itzuliko dira Musakolako kiroldegian. Helburua argia da: garaipena lortzea sailkapeneko azken aurreko postutik gora

egiteko. Hala ere, oraindik lehen taldeko jokalari ugari zigortuta daude pasa den denboralditik, eta bihar entrenatzaile lanetan ibiliko den Antxon Isasik bigarren taldeko jokalariak deituko ditu besteen lekua hartzeko: "Eguna heltzeko gogoz daude jokalariak, lehen derbia izango delako eta etxean jokatuko dugulako. Hala ere, zoritxarrez, lehen taldeko jokalari asko oraindik zigortuta daude, eta bigarren taldeko askok jokatu beharko dute. Euren ilusioarekin irabaztea espero dugu".

Eskoriatzako jokalarien esperientzia nabarmendu du, gainera, Antxon Isasi teknikariak: "Oraindik ez ditugu nahi genituen emaitzak lortu, baina horretarako lanean gabiltza. Aurrean izango dugun taldean esperientzia handiko jokalariak daude. Urte asko daramate batera jokatzen, eta hori erronka izango da guretako, gure jokalariek mailan debuta egin dutelako denboraldi honetan".

Eskoriatzak norgehiagoka bat irabazi eta beste bat galdu du, oraingoz. Pasa den zapatuan, porrot mingarria jaso zuten Iker Molinaren mutilek etxean, Batzarre taldearen kontra (3-4), eta, Arrasaten, neurketa horrek utzitako zapore txarra ahaztu nahi dute. "Egia esateko, pasa den aste bukaerako porrotak min egin du taldean. Beraz, animoak igotzeko oso garrantzitsua izango da derbia irabaztea", azaldu du Eskoriatzako entrenatzaile Ibon Molinak.

Mondrate, maila berrian, "lehiatzeko gogoz" ikusten du, bestalde, Molinak: "Mailaz igo dira eta lehiatzeko gogo handiz ikus- ten ditut nik. Horregatik, partidua oso parekatua izango da, eta detaile txikietan erabakiko da, ia ziur".

Aretxabaleta UDAk, Santurtzin

Nazional Hirugarren Mailari dagokionez, Aretxabaleta UDAk San Jorge Santurtziren kontra jokatuko du bihar, 16:30ean, etxetik kanpora. Azkeneko jardunaldian garaipen garrantzitsua lortu zuten debagoiendarrek Kukuyagaren aurka (3-2), eta bolada onari eusteko asmoarekin joango dira Santurtzira. Sailka- penean, laugarren da Aretxabaleta 7 punturekin, bi partidu irabazi, bat berdindu eta beste bat galdu ondoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak