goiena.eus

Hilik aurkitu dute Juan Alvarez arrasatearra Anboton

  Gizartea  Arrasate  Debagoiena GAURKOAK

17:00ak inguruan Juan Alvarezen bila zebilen helikopteroak gorpu bat atzeman du Anboto mendiaren ipar-ekialdeko magalean, Durangoko partean. Ertzaintzak konfirmatu duenez, hilik aurkitu dute Juan Alvarez, 56 urteko mendizale arrasatearra; buruan kolpe handi batekin. Familiak "esker ona" helarazi nahi izan die bilaketetan parte hartu duten guztiei.

(Argazkia: SOS deiak)

Eguenetik desagertuta

Urriaren 12an eman zuen abisua Juan Alvarezen familiak, mendira joan ostean etxera itzuli ez zelako. Ordutik egunero irten dira arrasatearraren bila, adituak eta boluntario ugari. Herritarrek emandako informazioari esker, Juan Alvarezen azken pausuak jarraitu ahal izan dituzte.

Egubakoitzean Udalatx eta Besaide mendien artean bilaketa hasi ondoren, lekuko batek emandako arrastoari esker, bilaketa Anboto mendirantz bideratu zuten zapatuan. 

Domekan, Iturripetik 250 bat boluntario ere abiatu ziren mendira, eta hiru taldetan banatuta, Anbotoste, Tellamendi eta Kobate inguruetan ibili ziren.

Lurreko miaketa taldeez gain, DYAk jakinarazi zuenez, Ertzaintzaren helikopteroa ere ibili zen bilaketa lanetan laguntzen. Asteburuan 250 boluntario inguruk lagundu dute bilaketa lanetan eta esker hitzak izan dituzte Alvarezen senitartekoek eta baita alkateak ere.

Lekukotza berriak

Gaur egunean zehar lekukotza berrien aztarnak jarraitzen aritu dira bilaketa dispositiboak. Alde batetik, Elorrioko udaltzain batek Ertzaintzari jakinarazi dionez, egueneko 15:15ak inguruan Anboto kobazulora bidean ikusi zuen arrasatearra. Bestalde, eguerdian baserritar batek jakinarazi du Arrazola inguruan kexu antzerako batzuk entzutea iruditu zitzaiola eguenean, baina momentuan ez ziela garrantzirik eman. Gaur baina, desagertzearekin zerikusia izan zezaketelakoan, abisua eman du.

Informazio guzti hau kontuan hartuta, bilaketa berri bat abiatu da gaur eguerdian; Atxondon elkartu da aditu talde bat eta gune ezberdinetan banatu dira. Ertzaintzaren helikopteroa ere Anboto inguruak miatzen aritu da eta honek aurkitu du, 17:00ak aldera, Juan Alvarez arrasatearraren gorpua. Anboto mendiaren ipar-ekialdeko magalean, buruan golpe handi batekin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa