Bereziki boluntarioei zuzendutako kanpaina da Atzegi Xperience, eta, hain zuzen, horien lana balioan jartzea du helburu. Horretarako, azkenaldian bogan dauden esperientzia kaxak atera dituzte. Hain zuzen, lau kaxa daude, aisialdian zentratutako boluntariotza mota desberdinak jasotzen dituztenak. Hala, natura eta mendia gustuko dutenendako, kalean ibiltzea nahiago dutenendako, bidaia zaleak direnendako edota kirolariendako esperientziak batzen dituzte kaxa horiek.
Atzegitik nabarmendu dute boluntarioen lanak garrantzia handia duela adimen urritasuna duten pertsonengan, eta azpimarratu dute boluntarioek eurek ere jardun horren balorazio oso positiboa egin ohi dutela. Hori dela eta, interesatuak animatu gura izan dituzte pauso hori eman dezaten.
Atzegi Xperience kanpaina zabaltzeko, bideo berezi bat ere kaleratu dute, eta kartelak edota liburuxkak bezalako materiala zabalduko dute herriz herri.
Horrez gain, aurkezpenean gogorarazi dute Atzegiko kideek eta boluntarioek hitzordua izango dutela urriaren 28an Antzuolan, azken urteotan egin izan duten bezala, lagunarteko goiz pasa bat egiteko.