Domekarako, urriak, 1, Kataluniako Gobernuak independentziaren inguruko erreferenduma deitu du, eta elkartasuna adierazteko eta Espainiako Estatuak jarritako oztopoen kontra egiteko hainbat ekimen egin dituzte.
Tartean, gaur goizean Arrasateko Udalbatza osatzen duten EAJ, EH Bildu eta Baleike alderdi politikoek Kataluniarekiko elkartasuna adierazteko testu bateratu bat irakurri dute. Gainera, estelada Kulturaten egongo da jarrita asteburuan zehar. Testua, Maria Ubarretxena alkateak, Eneko Barberena EH Bilduko kideak eta Baleikeko Igor Urizarrek irakurri dute.
Atzo, Bergaran, estelada zintzilikatu zuten San Martin plazan, Udal artxiboaren aurrealdean dagoen ikurrin handiarekin batera. Izan ere, asteleheneko bilkuran, EAJren, EH Bilduren eta Irabaziren aldeko botoekin eta PSEren kontrakoarekin hartutako konpromisoari jarraiki egin zuten.
Elgetan, ere, EH Bilduk eta Gu Geuk mozio bana aurkeztu zuten. Azkena aho batez onartu zuten eta lehena, berriz, aldeko lau botorekin eta abstentzio batekin. Udaletxeko balkoian, beraz, estelada ere jarri dute.
Leintz Gatzagan ere atzo egin zuten bilkura eta bukatzean Herriko plaza alboan dagoen mastan estelada jarri zuten.
Antzuolan, bestalde, herritar ugari batu ziren Kataluniari elkartasuna adieraztera. L’estaca abestu zuten esteladak eskuan zituztela ehun bat herritarrek, eta ostean argazkia ere atera zuten, EH Bilduk deitutako ekimen baten.
Gainera, asteburua Katalunian igaroko duten debagoiendarrak asko izango dira. Prozesua gertutik jarraitzeko eta babesa adierazteko, herritar ugari prest agertu dira, eta erreferenduma bertatik bertara jarraituko dute.
Biharko, gainera, Gure Esku Dago plataformak manifestazioa deitu du Bilbon, Demokrazia Erabakitzeko askatasuna lelopean. Besteak beste EAJk, EH Bilduk, Podemos Euskadik eta ELA eta LAB sindikatuek bat egin dute deialdiarekin.