Kataluniarekin bat,demokraziarekin bat izeneko mozioa onartu dut gaur aho batez Oñatiko udalbatzak arratsaldean egin duen ezohiko osoko bilkuran.
Katalunian herritarren borondatearen eskutik eman diren urratsek Madrilen aldetik "indarraren, mespretxuaren eta zaharkitutako legeen ustezko arrazoiarekin" erantzun dela dio EH Bilduk eta EAJk adostutako mozioak, eta sei puntu jasotzen ditu bere baitan. Hala, Oñatiko Udalak ''zilegitasun osoa'' aitortzen dio Kataluniako parlamentuak egingo duen autodeterminazio erreferendumari, eta era berean, Espainiako estatuak buruturiko erasoak salatu eta arbuiatzen ditu.
Halaber, modu demokratikoan aukeratuak izan diren Kataluniako alkateak deklaratzera deitzea ''irmoki'' salatzen du mozioak; eta berau onartuta, Euskal Herrian, Katalunian edo munduko gainerako herrietan, herritarren borondate askean oinarrituta garatzen dituzten prozesu politikoen alde egiteko konpromisoa hartzen du Oñatiko Udalak. Udalbatzak erabaki du baita ere onartutako mozioa eta bertan jasotzen direnak Kataluniako Parlament-eko lehendakariari, Madrilgo Gobernuko presidenteari eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari jakinaraztea, baita oñatiarrei ere. Kataluniako erakunde eta herritarrei elkartasun keinu gisa, gainera, urriaren 1era arte Udaleko balkoian estelada jartzea ere erabaki du udalbatzak.
Behin mozioa onartuta, udal ordezkariek eta osoko bilkuran egon diren herritarrek LLuis LLachen L'estaca abestia kantatu dute.
Antzuolan ere bai
Antzuolan ere ezohiko osoko bilkura egin dute Katalunian gertatzen ari denaren denaren harira mozio bat onartzeko, Beñardo Kortabarria alkatearen esanetan, Oñatiakoaren oso antzerakoa izan dena. Kasu honetan baina, EH Bilduk berak bakarrik aurkeztu du mozioa, eta zinegotzi jeltzaleak ez dira osoko bilkuran egon. Mozioak eztabaida piztu du EH Bilduko ordezkarien eta PSE-EEko zinegotziaren artean. Bozketaren orduan, mozioak aurrera egin du udal gobernuko kideen aldeko botoarekin eta zinegotzi sozialistaren kontrakoarekin.
Oñatin bezala, Antzuolan ere estelada jarrii dute udaletxean urriaren 1a bitartean.