"Gune danak muntatuta eta dena prest daukagu. Gu ez dakit oso prest gauden, inpresio apur bat ere egiten du. Baina ez, egia esan oso ondo doa dena", adierazi du Malen Ugartek, Kilometroak 2017ko koordinatzaileak.
Azkeneko asteak gogorrak izan direla adierazi du Malen Ugarte Kilometroak 2017ko koordinatzaileak. Izan ere, azken prestaketak egin eta guztia behar bezala utzi beharraz gain, herritarren zalantzak ere ugaritu egin direla azaldu du. Hala ere, guztia kontrolpean dagoela nabarmendu du.
Urte osoan zehar egindako lana domekan borobildu nahi du Txantxiku Ikastolak. "Egun bakarrerako, urte osoan ibili gara lanean. Luzea izan da, baina aldi berean motza. Baina oraingoz balorazioa positiboa da. Jende asko egon da lanean, asko lagundu digute, bai ikastolako komunitateak, baita herritarrek ere, eta oso pozik gaude alde horretatik. Ea domekan borobiltzerik daukagun urte guztian egindako lana", azpimarratu du Ugartek.
Boluntario lanetan 1500 lagun ibiliko direla aurreikusten du Txantxiku Ikastolak, baina Ugartek azpimarratu du guztien beharra izango dutela jaia behar bezala ospatzeko, eta laguntza oro ongi etorria izango dela jakinarazi du.
Egunari begira jarrita, hurbiltzeko deia egin du koordinatzaileak. "Egun polita igaroko dugu, beraz, jendea etor dadila. Egitarau osatu bat prestatu dugu, lau guneetan ia adin tarte guztiendako ekintzak egongo dira, ez musika bakarrik, antzerkia, artzain txakur txapelketa...Disfrutatzeko egun bat izango da eta jendea festara hurbildu dadin nahi dugu, festara eta ondo pasatzera".
Azkenik, trafikoari zuzendutako dei bat ere egin gura izan dute Txantxiku Ikastolatik. "Jende asko arduratuta dago trafiko kontuarengatik. Izan ere, Udana itxi egingo da eta trafiko guztia San Prudentziotik bideratuko da. Beraz, jendeari autobusez etortzeko gonbita egiten diogu, izan ere, lineako autobusak indartu egingo dira. Kotxeendako aparkalekuak ere jarri dira. Eta bailarako herritarrei esan, ahal badute, bizikletan etortzeko, bidegorriak ia Oñati erdigunera arte daudelako. Eguraldi ona dator, beraz, plan bikaina izan daiteke paseotxo bat emanez, bizikletan hurbiltzea", bukatu du Ugartek.