Asteburuan hiru danborrada egingo dira bailaran; nagusiena eta haurrena Bergaran, eta umeena Oñatin.
Bergarako nagusien danborrada
Egubakoitzean izango da Bergarako nagusien danborrada. 22:30ean irtengo da Udal liburutegitik, eta urtero bezala, San Martin plazan bukatuko da, ostean, San Martinen errepresentazioa egiteko.
Gainera, danborradan inoiz baino danbor jotzaile gehiago egongo dira, izan ere, 19 taldek eman dute izena eta 560 danbor jotzaile arituko dira. Aurten gainera, Aritzeta abesbatzak, esaterako, 30. aldiz joko du danborradan, eta Alfredo Gonzalez Chirlaquek martxa konposatu dio abesbatzari.
Haurren danborrada Bergaran
Haurren danborradarako ere gertu daude Bergaran. Zapatuan egingo da 18:30ean irtenda, eta ikastetxetatik izendatuta 130 partaide izango dira. Horiez gain, beraien kabuz parte hartzen duten umeak ere egongo dira, eta Udaletik aurreikusten dute 250 ume inguruk izango direla parte hartzen.
Duela 50 urte, 1967an, hasi ziren irteten, gainera danbor jotzaile japoniarrak San Martinen danborradan, eta 50 urteren ostean, ehunka japoniar irtengo dira aurten ere Bergarako kaleetara, bai helduen eta baita haurren danborradetan ere.
Haurren danborrada Oñatin
Oñatin ere zapatuan egingo da haurren danborrada, 18:00etan Santa Marina plazatik abiatuta, eta egunotan azken entseguetan murgilduta dabiltza gaztetxoak gustura.
Guztira 225 haur inguruk hartuko dute parte, hainbat konpainiatan banatuta. Eta bi berrikuntza daude: aurten 2008 eta 2009 urteetan jaiotako haurrak dantzarien konpartsa berrian irtengo dira; eta Oñatiko Udal Musika Bandako zuzendari Inazio Ibarrondok kantu berri bat ere konposatu du haurren danborradarako espresuki, zapatuan estreinatuko dute.