"Aurten bi egunetan egin behar izan dugu Elkartasun Eguna, batez ere, daukagun Udaletxe zoragarri honi esker. Guk printzipioz, irailaren 9rako antolatu genuen dena, baina ez gaituzte kontuan hartu. Gure gainetik beste azoka bat antolatu dute (Erdi Aroko azoka), guri ezer esan gabe" adierazi zuen Aitor Urizar antolatzaileak.
Aner Elorza antolatzaileak aditzera eman zuen, euskal presoen kolektiboak salbuespen neurriak jasaten jarraitzen duela. "Presoen eta hauen familien sufrikarioak ez du etenik; errepideko istripuak, larriki gaixo dauden presoen osasun asistentzia desegokiak, ukatutako baimenak, trasladoak, isolamenduak, eta ehunka kilometrotara sakabanatzen dituen dispertsio politika krudela".
Gaur egun, 332 preso daude 65 espetxetan banatuta, eta horietatik bi bakarrik daude Euskal Herriko espetxetan. Aurtengo Elkartasun Egunean, preso horien seme-alaben egoeran jarri nahi dute fokua, eta berriki zendu den Kepa del Hoyoren semearen kasua jarri zuten adibide gisa.
Beraz, aurtengo jaialdiak zapatuan, hilak 16, izango du jarraipena askotariko ekintzekin. Urizarrek, 19:30ean presoen, iheslarien eta errefuxiatuen eskubideen alde egingo den manifestazioa nabarmendu zuen, eta bertan parte hartzera animatu zituen herritarrak. Herri bazkarira joan nahi dutenek, Basati, Taupa eta Monte tabernatan izango dute txartelak aldez aurretik erosteko aukera, 13 euroren truke.