Lehendakaria, MUri buruz: "Kooperazioa duzue xede, eta lankidetzaz garatzen duzue hezkuntza proiektua"

Mondragon Unibertsitateak 2017-2018 ikasturtearen irekiera ekitaldia egin du gaur goizean Eskoriatzako Huheziko fakultatean. Ordezkari publiko eta politiko asko izan dira bertan, eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan da kurtsoa inauguratzearen arduraduna.

Ekitaldiaren hasieran minutuko isilunea egin dute atzo zendu zen Marisa Pagonabarraga unibertsitateko lankidearen oroimenez.

Idoia Peñakoba Unibertsitateko idazkari nagusia izan da hitza hartzen lehena, eta pasatako ikasturtearen balantzea egin du. Besteak beste, Huhezi fakultatearen 40. urteurrena eta Irungo Enpresagintza kanpus berriaren inaugurazioa nabarmendu ditu.

Matrikulei dagokienean, iaz baino %11 ikasle gehiago izan dituzte graduko zein graduondoko tituluetan. Unibertsitatea enpresa eta entitateekin lankidetzan aritzearen garrantzia azpimarratuz itxi du bere berbaldia Peñakobak.

Segidan, Eugenio Astigarraga irakasle eta ikerlariak hartu du hitza, eta gaur egungo mundu aldakorraren erronkez aritu da. Aldaketa klimatikoa, iraultza teknologikoa edota adimen artifiziala izan ditu mintzagai. "Datorkigun gizartearen lan esparruan aritzeko, jakintza teorikoa beharrezkoa dela onartuta, ikuspegi eta berrikuntza soziala txertatu behar dela esango nuke. Hau da, fokua akademiatik gizartera pasatu beharko genukeela pentsatzen dut", adierazi du.

Vicente Atxa errektoreak, bere aldetik, ongi etorria eman nahi izan die bereziki aurten unibertsitateko lehen mailan hasiko diren ikasle berriei, eta haiek mundurako prestatzeko konpromisoa berretsi du. Era berean, Unibertsitateak izan behar dituen hiru helburu nagusi aipatu ditu: "Lehenik, ikasketa espezializatu eta bereizgarriak garatu behar ditugu; bigarrenik, aliantza estrategikoak egin behar ditugu Euskadiko enpresa eta administrazioekin, talentua sortzeko eta erakartzeko; hirugarren erronka izango litzateke gure ikerkuntzak Euskadiko enpresa, erakunde eta gizartean duen eragina hobetzea".

Bukatzeko, Iñigo Urkullu lehendakaria jarri da mikrofono aurrean, eta hogeigarren urteurrenari ere keinu eginaz, Mondragon Unibertsitatearen eredua goraipatu du: "Hezkuntza hobetzea etorkizuneko herri erronka bat da. Horregatik, interesgarria zaigu Unibertsitatearen helburuak konpartitzeko ematen diguzuen aukera. Gizartea eraldatzea da zuen konpromisoa, eta horrek gertutasuna, elkar ezagutza eta auzolana eskatzen ditu. Denon artean egin beharreko eginkizuna da hezkuntza hobetzea, eta honen bitartez gizartea bera ere hobetzen eta garatzen laguntzea. Mondragon Unibertsitateak eredu propio bat du; kooperazioa da zuen xedea, eta lankidetzaren bidez garatzen duzue hezkuntza proiektua".

Erlazionatuak

2017-2018 ikasturtea inauguratu du Mondragon Unibertsitateak

Eskoriatza

Iñigo Urkullu lehendakaria arduratu da kurtso berriari hasiera emateaz. Berarekin batera, Vicente Atxa errektoreak, Unibertsitateko idazkari...
Urkullu, Kataluniaz: "Espainiari dagokio elkarrizketa bideratzea"

Debagoiena

Lehendakaria Mondragon Unibertsitateko ikasturte hasierako ekitaldian izan da gaur, eta Kataluniako Diadaren eguna izanik, independentziari buruzko...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.