Bere lehenengo denboraldiari ekiteko prest dago Leintz Arizmendi

Uda, Arizmendi eta Mondra taldeen elkarketatik sortutako Leintz Arizmendi futbol talde berriak asteburu honetan hasiko du Euskal Ligako denboraldia. Kanpoan jokatuko dute, Añorgan zehazki.

Asteon izan dute aurredenboraldiko bigarren eta azken partidua. Lehenengoan golik gabe bukatu zuten partidua Tolosaren kontra, eta oraingoan hiru eta bat irabazi dute Gasteizko Aurreraren aurka. Partiduan debagoiendarrek agindu zuten, eta hori ondo islatu zuen markagailuak.

Esti Loiti entrenatzaileak dio prestaketarako denbora justua izan dutela, baina taldea bide onetik doala dirudiela: "Talde polita ikusten dut; gertatzen dena da oraindik hasieran gaudela, entrenamendu gutxi izan direla, eta bi taldetik bakarra egin behar izan dugunez, ikusten da eurak oraindik ez dutela elkar guztiz ondo ezagutzen. Bide horretan gaude, baina bide horren barruan partidu txukuna egin dugula uste du. Dena den, denboraldi aurrean helburua izan da minutuak banatzea, eta benetako lehia orain etorriko da".

Hala, ligako lehen jardunaldiak taldea egonkortzeko eta mailara ohitzeko baliatuko dituzte Leintz Arizmendiko neskek. "Poliki-poliki joango gara, ez dugu presarik izan behar. Erritmoa hartu behar diogu lehen taldeari, kategoriari... Beranduxeago sartzen bagara ere ez da ezer gertatzen. Poliki-poliki hasiko dira gauzak agertzen". Izan ere, Loitik nabarmendu duen moduan, taldean bada "kalitate handiko" jokalari kopuru polit bat, 6-8 inguru. "Kalitate hori ez da galtzen; orain behar dena da guzti hori zelairatzea, eta horrek bere denbora eskatzen du. Uste dut hilabete pare bat barru beste gauza bat izango dela".

Taldearen helburuak

Proiektu berria izanik, aurtengo helburu nagusia taldeak maila mantentzea izango litzateke, baina aurrera begira klubaren baitan talde berriak sortzea omen dute xede: "Maila mantentzeko helburuan jarriko ditugu indar guztiak. Azken finean, estruktura honetan interesatzen zaiguna da ahalik eta kategoria gehienetan taldeak ateratzea. Orain Euskal Ligakoa daukagu; hortaz, onena izango litzateke hurrengo erregionalekoa ateratzea, eta estruktura honetan kategoria guztietan taldea izatea.

Aurten euskal ligan arituko den Debagoieneko talde bakarra da Leintz Arizmendi.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.