Ane Irazabal: "Sirian geroz eta botere gutxiago daukan heinean, erasokorragoa da Estatu Islamikoa Europan"

Eneko Azurmendi 2017ko ira. 6a, 16:09

Besteak beste Palestinan bizi eta orain Erroma –Italia– bizileku duen berriemaileak, gaur egun gertatzen ari denaren gaineko gakoak eman zituen atzo Kulturaten, bertaratutakoek adi-adi jarraitu zutelarik berbaldia. Ekialde Hurbileko egoera, yihadismoa, errefuxiatuen krisia eta beste hainbat gai jorratu zituen, Eneko Azkarate Goienako kazetariak gidatutako solasaldian.

Hasiera batean, Jokin Zaitegi gelan ziren egitekoak, baina bertaratutako jendetza ikusita, areto nagusira pasatu behar izan zuten ekitaldia, eta hau ere lepo bete zen.

Gaiari helduta, Irazabalek adierazi zuen Ekialde Hurbilaren egoera geo-estrategikoaren aldaketak hainbat ondorio utzi dituela. Errefuxiatuen krisia eta Estatu Islamikoaren Europako erasoak dira ondorio horietako batzuk.

Europako eraso entzutetsuena Bartzelonakoa izan da gurean. Honi helduta, eraso guzti hauen atzean, funtsean, Arabia Saudi zabaltzen ari den ideologia fundamentalista dagoela uste du Irazabalek.

Gaur egun oraindik indarrean dagoen eta nazioartean oihartzun handia izaten ari den Siriako gerra ere izan zuen hizpide kazetari arrasatearrak. Siriako iraultzaren jatorria erlijiosoa baino, politikoa izan zela azpimarratu zuen.

Bukaeran, bertaratutakoek galderak egiteko aukera izan zuten eta txalo zaparrada handi batekin agurtu zuten Irazabal. Kazetari arrasatearra bera ere oso gustura gelditu zen emanaldiak izan zuen harrera onarekin. Twitter bidez jakinarazi zuen bere esker ona.

Goiena telebistan ikusgai

AED elkarteak antolatu zuen atzoko ekitaldia, Goiena Komunikazio taldearen laguntzarekin. Goiena telebistak saioa osorik emango du datorren eguaztenean, hilaren 13an, 21:00etatik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak