Langileek ezezkoa emango diote Edesako zuzendaritzari

Ubane Madera 2017ko ira. 6a, 14:08

Garagartzako planta zabalik mantentzearen eta enpleguaren alde negoziatzen segituko dute Edesa Industrialeko eta Geyser-Gastecheko langileek. Bestela esanda, ezezkoa emango diote zuzendaritzak atzo egindako proposamenari. Enpresako zuzendaritzak, berriz, esandakoa bete eta egubakoitzean enplegua suntsitzeko espedientea zabalduz gero, langileen asmoa da espediente horrek negoziatzeko ematen dien hilabete hori baliatzea borrokarekin segitzeko.

Goizeko batzarrean Edesa Industrialen zuzendaritzak atzo egindako proposamena ez onartzea erabaki dute Edesako eta Geyser-Gastecheko langileek; bozketa beharrik ere ez dute izan erabakia hartzeko. Erabakia izan da "negoziatzen jarraitzea, enpleguaren alde".

Egubakoitzean, 09:30ean jakinaraziko diete erabakia enpresako zuzendaritzako ordezkariei. 09:15ean, berriz, elkarretaratzea egingo dute langileek.

Lanean 50 urtetik gorakoak

Behin hori esanda, azpimarratu dute badela ordua gauzak argitzeko "eta publiko egiteko" jasaten ari diren "txantaje erraldoia".   

Abiapuntu horrekin, enpresako zuzendaritzaren proposamenetako batzuk jakinarazi dituzte, orain arte jakinarazi ez dituztenak; esaterako, lanean jarraituko luketen langileak 50 urtetik gorakoak izango liratekeela: "Nahi dutena da guk itsu-itsuan onartzea 167 lagunen kontrako espedientea, gero ikusteko zer egin gura duten. Hori da 167 kaleratze ziurtatzeko txeke zuria, eta era berean, hemen ekoiztearen aldeko apustuaren amaiera formalizatuko duena. Fagor markarekin komerzializatzen utziko dien pelotazoa da, apurka-apurka fabrikazioa desagerraraziz. Zuzendaritzaren benetako asmoekiko zalantzarik baleude, gazteen alde egiten duten apustua ikustea besterik ez dago:planteatzen dutena da 50 urtetik gorako langile guztiak lanean geratzea".

Hitzarmena berriro ere negoziatu

Fagor markaren erabilerarekiko interes hori bereziki salatu dute langileen ordezkariek: "CNAko zuzendaritzak aurkeztu digun proiektuaren helburu estrategikoa da hemen komertzializatzea kanpoan ekoiztutako produktuekin. Arazoa da FAGOR marka erabili gura dutela, eta horretarako behar dutena da markaren jabe den Fagor S. Kooperatibak berriro ere negoziatzea duten hitzarmena, pertsona gutxiagori lanpostuak ematea onartuz. Eta hori eurek bakarrik lortu ez dutenez, gu tartean sartu nahi gaituzte", salatu dute Edesa Industrialeko eta Geyser-Gastecheko langileen ordezkariek.

Multinazionalak ez du Garagartza nahi

Horrez gainera, beste behin, enpresako zuzendaritzaren asmoen gaineko xehetasun edo informazio eza salatu dute; bestak beste, azpimarratu dute badakitela Garagartzan ez ekoizteko "erabaki politikoa" hartuta dutela, "baina ez dakigu non ekoitzi behar duten, edo hobeto esanda, muntaketa lanak egin". Kontatu dutenez, langileen ordezkariek zuzendaritzari galdetu diotenean ea Garagartzako plantaren jabeak utziko dien alokairuaren baldintzak berriro ere negoziatzen, "eurek erantzuten dute Taldeak Garagartzatik irtetea erabaki duela, bestela multinazionala ez delako sartuko", esplikatu dute.

Langileek salatzen dute azken horren gainean ere ez dutela informaziorik partekatu eurekin: "Ez dakigu zein den multinazionala, ezta ere zenbatekoa izango den salmenta bolumena eta ezta ere emango diguten produktuen gama zein izango den. Nahita ezkutatzen digute hori, jakinda itxierarekin eta kaleratzeekin mehatxatzeko garaia dela", azpimarratu dute.

Astelehenean, Jaurlaritzarekin

Bestalde, erakundeen inplikazioa eskatu dute, eta jakinarazi dute dagoeneko astelehenean Eusko Jaurlaritzarekin batzartuko direla.

Bukatzeko, besteak beste, adierazi dute zuzendaritzak "bake soziala" gura duen moduan, eurek ere hori berori gura dutela, "baina horretarako gardentasuna, informazioa eta komertzializazioaz gainera, industriarengatik apustua egiten duen" etorkizuna beharrezko direla. "Horrela izan dadin borrokatzen segituko dugu!. Fagor-CNA ez itxi! aldarrikatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak