167 kaleratze eta Garagartzako planta ixtea proposatu du orain Edesa Industrialek

Ubane Madera 2017ko ira. 5a, 14:53

167 kaleratze. Horixe da hiru ordu iraun duen batzarrean Edesa Industrialek egindako proposamena. Labeen ekoizpenerako lerroren bat mantentzeko aukera ere ikusten du, baina ez Garagartzan. Beraz, Garagartzako plantaren itxiera berretsi egin du. Halaber, lanean geratuko liratekeen 160 langileen soldata %10 jaistea ere mahai gaineratu du. Gaur egun, Edesa Industrialen 327 behargin daude.

Oro har, langileen ordezkariek gaur egindako proposamena uztailean egindakoaren makillaje hutsa besterik ez dela uste dute; are gehiago "erabaki politiko" modura ikusten dute CNA Taldeko zuzendaritzak Gargartzan ez ekoizteko hartutako erabakia. Eta langileen ordezkarien ustez proiektu industrialari berari uko egitea suposatzen du horrek.

Gehienez, 160 langile

"Benetan aurkeztu digutena, lehenengo planaren bigarren bertsioa da, eta aurkeztu duten aldaketa bakarra, labeak muntatzeko proposamena da. Honek 160 lagunentzako enplegua sortuko luke gehienez, hau da, hasierako planeko gehienezko zifrara helduko litzateke gehienez. Gainera %10ko soldata jaitsiera proposatzen dute. Zuzendaritzak enpresako buruek  Garagartzan ez ekoizteko "erabaki politikoa"jakinarazi digu, guretzat proiektu industrialari uko egitea suposatzen du honek", adierazi dute ohar bitartez.
 
"Azken finean, Enpresa Batzordeak hasierako planari ez dio alternatibarik egin eta CNA FAGOReko zuzendaritzak  merkataritza jarduera ekoizpenerako osagarri moduan ulertu beharrean, proiektuaren oinarria merkaturatzean planteatzen dute", gaineratu dute langileen ordezkariek.

"Drama soziala"

Hori horrela, azpimarratu dute egoera hau "drama soziala" dela, eta egoera horren aurrean, uste dute beharrezkoa dela bestelako eragile batzuen inplikazioa; zehazki Eusko Jaurlaritza, Fagor eta Ekimen Berri interpelatu dituzte.

Bestalde, azken proposamen honen aurrean eman beharreko urratsak erabakitzeko asmoz batzarra egingo dute bihar, eguaztena, Garagartzan, 11:00etan langile guztiekin.

"Ahaleginik handiena"

Enpresari berari dagokionez, ohar bidez helarazi ditu gaur mahai gainean jarri duen proposamena; bertan adierazten denez, enpresak egin zezakeen "ahaleginik handiena" egin du ahalik eta langile kopuru handienari eusteko. "Era honetan, proposamen berriarekin, 160 lanposturi eutsi ahal izango genioke" adierazi du zuzendaritzak.

Egubakoitza, azken eguna

Era berean, jakinarazi du plan berria aurrera ateratzeko bi baldintza bete beharko direla: batetik, langileek, "proposamena oraingo egubakoitza baino lehen onartzea" eta, bestetik, bazkide inbertitzaileak "beharrezko diren inbertsioak egiteko konpromisoa berrestea".

Enplegua suntsitzeko espedientea

Edozelan ere, Edesa Industrialeko zuzendaritzak ohartarazi du, enpresaren diru kontuak zela dauden ikusita, ezinbestean aurkeztuko duela egubakoitzean enplegua suntsitzeko-erregulazio espedientea, lantalde osoarendako, nahiz eta egoera berri horrek 160 langileri ez dioen eragingo, aurrez aipatutako baldintzak betez gero.

Zuzendaritzak amaitu du oharra esanez, espero duela langileek ulertuko dutela proposatutako neurriak betetzea "ezinbestekoa dela" enpresaren lan jarduera "behin betiko etetea saihesteko" eta, horregatik, "ahalegin handienak egin ostean", espero duela proposamen berria langileek onartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak