Martitzenean jakinaraziko du Edesa Industrialek proposamen berria

Ubane Madera 2017ko ira. 4a, 14:49
Langileak elkarretaratzean, Garagartzako plantaren kanpoko aldean.

Arratsalderako barik, ordua aldatu eta bihar goizerako deitu du batzarra Edesa Industrial enpresako zuzendaritzak; bertan aurkeztuko die Edesa Industrialeko eta Geyser-Gastecheko langileei etorkizunerako proposamen berria. Hain justu, 09:15ean ipini dute ordua, eta ordu bererako deitu dute langileen ordezkariek elkarretaratzea Garagartzako plantaren kanpoko aldean; bertan izango dira batzarrak iraun bitartean.

"Zain gaude, ea zer gertatzen den asteartean. Sorpresaz harrapatu gintuen enpresaren norabide aldaketak. Ez genuen espero, eta orain, zain gaude", esan zuen Rikardo Perezek, Edesa Industrialeko langile batzordeko presidenteak, enpresako zuzendaritzak egindako hitzorduaren harira, joan den astean.

Izan ere, enpresak plan industrial eta sozial berriak aginduta, erabateko jarrera aldaketa horri esker, itxaropenerako zirrikitutxo bat zabaldu zitzaien langileei, eta horri eutsita egingo diote aurre biharko batzarrari.

Negoziazio mahaia zabalik

Batzar horrek zer emango duen, baina, gaur-gaurkoz erabat ezezaguna da. Bereziki, Edesako zuzendaritzak erakutsitako ezusteko jarrera aldaketa horren ondoren. "Mantentzen du negoziazio mahaia zabalik, ez dugu planteamendurik ez suntsitze ERErako eta ezta ere hartzekodunen konkurtsorako, gure beldurra hori zen, eta hori ez dago gaur egunean mahaian. Errebisatu egin behar dituzte planteamendu guztiak, ea nora hel gaitezkeen, eta laga dute mahaia zabalik datorren astearterako", jakinarazi zuen Jesus Lasak, Geyser-Gastech-eko langile batzordeko presidenteak.

Garagartza itxi eta 220 langile kalera

Gogoan izan beharra dago enpresak uztailaren amaieran aurkeztutako plan industrialak 220 langileren kaleratzea eta, besteak beste, Arrasateko plantaren itxiera planteatu zituela, enpresaren esanetan, "bertako (Garagartzako) negozio lerroen kontribuzio marjina negatiboak" ez duelako lagatzen "jarduerarekin segitzen". Horrez aparte, lantalde osoarendako suntsitze ERErako eta hartzekodunen konkurtsoa aurkezteko aukerak zabalik utzi zituen enpresak abuztuan, langileekiko ultimatum modura.

Irailaren 30erako zehaztu behar

Batzarrak batzar, irailaren 30erako egoera zehaztuta izan beharko du Edesa Industrialek. Ze uztailaren hasieran aurkeztutako aurre-konkurtsoaren epeak tarteko, "irailaren 30erako derrigor izan behar dute zerbait finkatuta", esplikatu du Rikardo Perezek. "Irailaren 30ean, edo aurre-konkurtsoa altxatu egiten dute edo ja hartzekodunen konkurtsoa prestatzen hasi beharko dira, azaroan berau aurkezteko". Horrek, besteak beste, ordainketa-etendura ekarriko luke.  

Enpresari dagokionez, berriz, Edesa Industrialek joan den astean berretsi zuen "jarduera industriala Euskal Herrian mantendu gura" duela, eta "markaren iraunkortasuna bermatu"; halaber, uste dute "jarduera mantentzea posible egiten duten aukerak" badaudela, baina "logikoki alde guztien ahalegina" beharrezko ikusten dute. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak