Parte hartze handia eta giro bikaina sanbartolomeetan

Angiozarko Zabaleta auzoko patroiaren eguna arrakastatsua izan da beste behin ere. Eguerdiko mezarekin eta luntxarekin hasi zuten jaia, eta ondoren bolo txapelketa, bertsolariak, afaria eta erromeria izan ziren, ordu txikietara arte luzatu zen festa giroan.

Arratsaldez egin zuten bolo txapelketan beste behin ere auzoko zein kanpoko jende ugari batu zen. Elgetatik edo Bergaratik etorritakoak ez dira falta izan, beti bezala, eta Soraluze edo Bizkaia aldeko bisitariak ere izan dituzte Zabaletan.

Hain zuzen, txapelketako irabazlea Pedro Guenaga berritxuarra izan zen, zortzi txirlo jota. Ehun euro eta urdaiazpikoa eraman zituen etxera sari moduan.

Txapeldunordea ere bizkaitarra izan zen, Antolin Arizmendiarrieta markinarra. Honek bost txirlo jo zituen, eta hirurogeita hamar euro eta gazta bat jaso zuen.

Hirugarrena, berriz, hau ere bost txirlo jota, Dani Torres izan zen.

Denera hogeita hamaika pertsonak hartu zuten parte txapelketan. Bitartean, umeak gaztelu puzgarrian saltoka pozik ibili ziren.

Jai giroa nagusi

Bola jokoaren ostean, bertsolarien txanda izan zen, eta gaua Miren Errasti eta Maddalen Arzallusen erromeriak girotutako afariarekin bukatu zuten Zabaleta auzoan. Afaria bera ere jendetsua izan zen, hirurogeita hamar pertsonatik gora batu zirelarik.

Gainera, erromeria goizeko ordu txikietara arte luzatu zen, eta antolatzaileek prestatutako garagardo eta bestelako edariak bukatzeraino iritsi ziren. Hala, beste urte batez giro ezin hobean igaro dituzte sanbartolomeak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.