Bideak konpontzeko sasoia

Abuztuko oporraldia tarte aproposa izaten da konponketa lanak egiteko. Inguruko herrieak hustu egiten dira abuztua gerturatzeaz bat, eta bizilagun gutxi dauden sasoi hau baliatzen dute Udalek herriek behar dituzten konpontze lanak egiteko, Arrasateren eta Bergararen kasuan hainbat bide konpontzeko lanak martxan daude egun hauetan.

Arrasaten, herriko mugikortasuna hobetze asmoa duen Takolo Goiru proiektuaren hirugarren fasea jarri dute martxan, Uribarri inguruan. Aktuazio berri honek Udala plazako biribilgunetik Iturripe kiroldegirainoko tartean eragingo du.

Lehenik eta behin Uribarri etorbideko etxebizitzetako espaloiak berrituko dira, bai aurre aldetik eta baita atze aldetik, errekaren albotik doan zatitik. Espaloiak berritzeaz gain, hauek zabaldu egingo dituzte, oinezkoentzako espazioa handiagoak eskuratzeko.

Espaloiak zabaltzeaz gain bidegorria ere egingo da. Hau errekaren albotik doan zatian joango da eta Udala plazako biribilgunera heltzerakoan egingo du bat Arrasate Pasealekutik datorren bidegorri zatiarekin. Behin espaloiak handituta eta bidegorria eginda, tarte horretako ur eta saneamendu sarea ere berrituko dira.

Proiektuaren hirugarren faseko lanak Orsa garraio eta indusketa enpresa donostiarrak egingo ditu, eta 554.503 euroko kostua izango dute. Lanak duela bi aste hasi ziren, eta dena ondo bidean, lau hilabeteko epean amaitzea da aurreikuspena, 2018 baino lehen erabilgarri izateko.

Takolo-Goiruren hurrengo urrats naturala, D fasea izango litzateke, hau da, Uribe auzoa amaitzen den semaforodun bidegurutzetik, Iturripera doan zatia, hain zuzen.

Hasierako proiektuan, bidegurutze alboan jolas parke bat egitea aurreikusten zen. Uribe auzorantza lerratuta egitea zen hasierako asmoa, baina mugikortasun mahaian beste proposamen bat atera da: jolas parkea Erguin aldera lerratzea eta bidegurutzearen ordez biribilgunea egitea. Mugikortasun plana definitzeko egiten ari diren bileratan hartuko dute horri buruzko erabaki definitiboa.

Bergaran, adibidez, Komenio kaleko urbanizazio lanak abuztu erdian bukatuko dira. Ekainaren 29an hasitakolanek kale horretako lur azpian dauden zerbitzu guztiak (ura, saneamendua eta euri-uren sareak) berriztea, telekomunikazio azpiegitura berria ezartzea eta azaleko materiala aldatzea dute helburu. Lan horiek 35.606 eurotan (BEZ barne) adjudikatu zizkion Udalak Amenabar S.A enpresari.

Komenio kaleko 4. zenbaki aldera ematen duen espaloia mantendu egin da. Ezkerraldeko espaloia, aldiz, kare harriarekin egin da eta erdi gune guztia granitozko galtzada-harriarekin osatuko da.

Lan guztiak abuztuaren 11rako bukatuko dira, baina lanak amaitu ondoren, kaleak egun batzuetan itxita egon beharko du galtzadak bere gogortasuna hartu dezan.

Horrez gain, Elorregi auzoko Elkorobarrutia eta Abeletxe baserrietara doan bide publikoa egokitu eta asfaltatzeko lanei dagokien adjudikazioa Elurlan SL enpresari egin zaio 33.265 eurotan (BEZ barne).

Bide publikoekin jarraituta, Goiauzora (San Martzialera) doan bidea konpontzeko bigarren fasearen proiektu teknikoa eginda dago eta prozedura negoziatuaren bidez lanaren kontratazioa zabaldu da. Aurrekontua 35.997 eurokoa da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.