"Gure susmoa da CNA taldeak inbertsore bat lotuta daukala"

Xabi Gorostidi 2017ko abu. 1a, 15:12

Gaur goizean bildu dira berriz Edesa Industrialeko langileen ordezkariak eta CNA Group-eko zuzendaritza. "Inbertsorea nor den, eta harekin zein estrategia jarraituko duten ez digute esan, baina lotuta dutela susmatzen dugu" adierazi dute enpresa batzordetik.

CNAk bideragarritasun plana kaleratu ostean pasa den eguenean egin zuten lehen bilera langileen ordezkariek eta CNAko zuzendaritzak. Bilera horretan Garagartzako planta ixteko asmoa berrestu zuen CNAk. Euren asmoa da 130 langilerekin lapikoak, termoak eta berogailuak ekoizten jarraitzea, horretarako 220 langile kaleratuz.

"Azken bileratik hona, ez dira posturak aldatu. CNAtik euren bideragarritasun plana azaltzen jarraitu dute, eta ez dute atzera pausurik eman langileak kaleratzeko eta Garargartza ixteko erabakietan" azaldu dute enpresa batzordetik.

Aurreko bilerarekiko berritasunengatik galdetuta zera adierazi dute: "Gure susmoa da, inbertsore bat lotuta daukatela da. Baina ez digute esan, ez nor den, ez zein estrategia jarraituko duten harekin".

Inbertsorea lotuta izan arren, CNAko zuzendaritzak langileen babesa beharko luke euskal erakundeen aurrean enpresarentzat etorkizuneko plan bat aurkezteko. Baina, gaur gaurkoz, langileekin akordioa urrun dago, hauek ez baitaude langileen erdiak baino gehiagoren kaleratzeak onartzeko prest. Garagartzako langileak abuztuaren 24an dute aurreikusita lanera bueltatzea, eta egun horretan langileen batzarra egin ostean bilduko dira hirugarrenez CNAko zuzendaritzarekin.

Akordioa bankuarekin

CNAko zuzendaritzak publiko egin du orain arte lan egin duen bankuekin akordio batera heldu dela Edesa Industrialen berregituratzerako. Bertan jasotzen denaren arabera CNA taldeak bere gain hartuko du Edesa Industrialen zorraren zati handi bat, bideragarritasun planean jasotzen den legez.

Horrez gain, berregituratzearen helburu nagusia aktibitate industriala Euskal Herrian mantentzea dela ere esaten dute oharrean.

"Gure ustez, banku akordio horrek jasotzen duen bakarra zorraren leku aldaketa bat da. Ez da diru gehiago txertatzen, beraz, egoera gure ustez bere horretan mantentzen da" adierazi dute enpresa batzordetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak