ALBISTEAK

'Handia', Zinemaldiko Urrezko Maskorraren lehian

Imanol Gallego 2017ko uzt. 28a, 11:15

Aitor Arregi oñatiarrak eta Jon Garañok zuzendutako filma Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatuko da. Altzoko Handia-ren bizitzari buruzko filma da. Hasiera batean, pelikularen izenburua Aundiya izan behar bazen ere, azkenean, filmeko taldeak hura aldatzea erabaki, eta Handia izango da filmaren behin betiko izenburua.

Euskarazko zinemagintzak azken urteotan izandako maila onari eutsi, eta aurten ere film bat izango du Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean. Handia, Urrezko Maskorra irabazteko lehian, beteranoa den Moriarti faktoriaren azken lana da. Pelikula Aitor Arregi oñatiarrak eta Jon Garañok zuzendu dute, eta euren hitzetan, ekoiztetxeak egin duen proiektu "handi eta anbiziosoena" izan da.

"Plazerra da itzultzea"

"Handia filma estreinatuko dugu Zinemaldian Sail Ofizialean lehiatzen, eta egia esan oso pozik gaude. Guretzat plazerra da itzultzea eta ea bada, gustatzen den pelikula", adierazi dute Garañok eta Arregik Zinemaldiaren aurkezpenean.

Filmean, Migel Joakin Eleizegiren bizitza kontatzen dute; XIX. mendean ezagun egin zen Altzoko Handia-ren istorioa. Zuzendariek pelikulan kontakizun historiko huts bat baino, pertsonaiak eskatzen zuen fantasia puntua jarri diote, eta errealitatearen eta fantasiaren artean dagoen filma sortu dute.

Eleizegi 1818an Altzoko baserri batean jaio zen. Nerabezaro arrunt baten ostean, 20 bat urte zituela, gaitz batek jo zuen, eta etengabe hazten hasi zen, 2,42 metro luze izateraino; Garaiko kroniken arabera, Europako gizonik garaiena izatera iritsi zen.

Altuera horrek ospea eman zion, eta Europan zehar bidaiatzera eraman zuen, erakustaldiak egiteko. Anaiarekin egin zituen bidaia horietan, Aundiya izen komertziala erabili zuen, orduko zenbait agirik diotenaren arabera; eta horregatik aukeratu zuten zuzendariek Aundiya, filmaren behin-behineko izen gisa.

Lehiaketako beste filmak

Ekitaldi berean, Sail Ofizialetik kanpo aurkeztuko diren filmak ere iragarri dituzte; eta horietan ere izango da debagoiendarrik: Karra Elejalde Operacion Concha filmean eta Miren Ibarguren Borja Cobeagaren Fe de Etarras filmean.

Bestalde, Handia ez da gaurkoan Donostia Zinemaldiak lehiaketa ofizialerako aurkeztu duen filma bakarra, El autor eta La vida y nada mas filmeek ere lehiaketa berean parte hartuko dute. Horrez gainera, datorren eguaztenean jakitera emango dute bertan lehiatuko den laugarren filma zein izango den. Horiek izango dira, hain justu ere, lehiaketa nagusian lehian jardungo duten Estatuko filmak

Filmaketa luzea

2016ko apiriletik ekainera iraun zuen filmaketak, eta Euskal Herriko hamaika txokotan aritu zen lanean ehundik gora lagunek osatutako taldea: Bilbon, Donostian, Gasteizen, Durangon, Baionan, Miarritzen, Altzon, Tolosan, Artikutzan, Hondarribian…

Aktore nagusien artean dira Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse, baina beste dozenaka figurantek hartu dute parte XIX. mendean girotutako film honetan.

Filmaketa anbiziosoa izan da, eta Handia, dudarik gabe, Moriartik garatu duen produkzio handi eta konplexuena izan da. Figuranteak, kokalekuak, istorioaren behar teknikoak... Grabazioaz gain, postprodukzioa ere konplexua izan da. Efektu digitalen ardura izan duen User T38 etxekoek pasa den astean bidali zieten filmaren azken bertsioa zuzendariei.

Loreak filmaren soinu bandak izandako arrakastaren ostean, lan honetan ere, Pascal Gaignen musika entzungo da. Gaigne, filmeko zuzendariekin batera, Bratislavan izan zen uztail erdialdean Handia-ren musika guztia grabatzen. Eslovakiar Errepublikara egindako bidaiaren ostean Garañok aurreratu zuen moduan, "ukitu batzuk" baino ez zaizkio falta filmari.

Izen aldaketa

Filma Aundiya izenburuarekin sortu bazen ere, duela egun gutxi aldatu egin diote, eta, azkenean, Handia izango da filmaren behin betiko izenburua. Asmoa, gainera, nazioartean izenari eustea da, Handia deitzea, alegia, nahiz eta gero tokian tokiko hizkuntzan azpititulu bat jarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak