Aspacek ibilgailu berria estreinatu du

"Zentrotik irteteko aukerak bikoiztu ditugu", horrela azaldu du Udalaitz zentroko arduradun Ana Agirrek ibilgailuak eskainiko dizkien onurak. Furgoneta berriak, irisgarritasun egokitzapen guztiak ditu txertatuta: atzeko sarrerako arrapala, aldameneko koska, eserleku desmuntagarriak, eserlekuen euskailuak…

Arrasateko Aspace zentro 54 erabiltzaileek aurrerantzean, joan-etorriak erraztuko dizkien furgoneta egokitu berri bat izango dute. Ibilgailu berriak, baina Aspacek dituen bost zentroei eskainiko die zerbitzua. Citroën Jumper ibilgailu modelo mistoa da, eta bederatzi pertsonendako tokia dauka. Bertan egindako egokitzapenei esker, mendekotasun maila ezberdinak dituzten pertsonen beharretara malgutasun osoz egokitzen da.

Furgoneta berria erosteko bidean Aspace ez da bakarrik egon, Laboral Kutxa, GSR eta Danobat Group izan baitira proiektu horren babesleak.

Parking berria

Orain arte Udalaitz zentroko erabiltzaileek Debagoieneko ospitale ondoko autobus geltokia erabiltzen zuten zentrora iristeko, baina Udalak egindako egokitzapen batzuei esker, aurrerantzean, ibilgailu berria zein egokitutako beste batzuk ongi aparkatzeko tokia izango dute egoitzaren atzeko aldean. Udalak horretarako lau plaza egokitu ditu atzeko aparkalekuan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.